Nafarroako Gobernuak 316,6 milioi euro ordaindu ditu aurten udalerriak eta kontzejuak finantzatzeko

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 25a

Baztango Udalak 3.744.462 euro hartuko ditu.

Nafarroako Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 170,2 milioi euro ordaindu zituen joan den ortziralean, eta horrela, Nafarroako udalerri eta kontzejuentzat 2025 honetarako aurreikusitako 316,6 milioi euroko banaketa osatu du. Kopuru horrek % 5,4ko igoera dakar, iaz baino 16,2 milioi euro gehiago, eta Toki Entitateek Nafarroako Tributuetan parte hartzeko funtsaren parte da.

Aldez aurretik, Lurralde Kohesiorako Departamentuak 146,2 milioi euro ordaindu zizkien Nafarroako udalerri eta kontzejuei, % 50eko aurrerakina toki entitate bakoitzarentzat 2024an kobratutakoaren gainean.

Funtsen banaketa

Toki Entitateek Nafarroako Tributuetan Parte Hartzeko Funtsa lau ataletan azpi-banatzen da: Finantzaketa orokorra, zerbitzuena, Montepioen defizitarena eta Lurralde Kohesioarena.

Udalek eta kontzejuek beren ohiko gastuei aurre egin hala izateko pentsatutako Zuzkidura Funts Orokorrak 245,4 milioi euroko esleipen bat du. Horren aplikazioak, bertzeak bertze, 2.500 biztanletik beherako udalerriek zenbateko finkoak jasoko dituztela tarteka bermatzen du, udalerri txikienek, biztanle kopurua edozein dela ere, oinarrizko gastuak estaltzeko behar duten dirua izan dezaten.

23,24 milioi euro Zerbitzuak Finantzatzeko Funtsaren parte dira, 0-3 ikastegietako, haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetako edo liburutegietako prestazioen arabera.

Lurralde Kohesiorako Funtsa deritzonak 18,82 milioi euro ditu, eta Nafarroako lurralde-garapenean eginkizun erabakigarria eta motorra duten udalerrientzat izanen dira. Aurten hogeita hamar bat udalerriri egiten die mesede: Iruñea, Tutera, Tafalla, Lizarra, Zangoza, Baztan, Altsasu, Viana, San Adrián, Azkoien, Gares, Irurtzun, Agoitz, Doneztebe, Bera, Leitza, Esteribar, Auritz, Otsagabia, Izaba, Irunberri, Los Arcos, Lekunberri, Lodosa, Caparroso, Milagro, Corella, Cascante eta Cortes.

Eskualdeko banaketa 2025ean

  • Aranoko Udala: 68.278,48 euro
  • Arantzako Udala: 345.801,15 euro
  • Aresoko Udala: 181.883,94 euro
  • Baztango Udala: 3.744.462,04 euro
  • Beintza-Labaiengo Udala: 138.068,24 euro
  • Berako Udala: 1.530.132,17 euro
  • Bertizaranako Udala: 286.944,37 euro
  • Legasako kontzejua: 38.607,96 euro
  • Narbarteko kontzejua: 40.435,57 euro
  • Oieregiko kontzejua: 10.310,06 euro
  • Donamariako Udala: 260.830,50 euro
  • Doneztebeko Udala: 969.297,12 euro
  • Elgorriagako Udala: 105.847,24 euro
  • Eratsungo Udala: 87.141,02 euro
  • Etxalarko Udala: 393.598,83 euro
  • Ezkurrako Udala: 78.353,56 euro
  • Goizuetako Udala: 355.830,31 euro
  • Igantziko Udala: 316.808,07 euro
  • Iturengo Udala: 304.881,86 euro
  • Leitzako Udala: 1.329.944,50 euro
  • Lesakako Udala: 1.111.552,84 euro
  • Oizko Udala: 76.813,85 euro
  • Saldiasko Udala: 98.052,31 euro
  • Sunbillako Udala: 370.107,53 euro
  • Urdazubiko Udala: 221.845,56 euro
  • Urrozko Udala: 94.790,60 euro
  • Zubietako Udala: 154.422,47 euro
  • Zugarramurdiko Udala: 170.292,30 euro
  • Denera: 12.885.333, 45 euro

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun