Arkupeak elkartearen Bazkideen Egunerako izen ematea heldu den astean egin beharko da

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 22a

Iazko Bazkideen Egunean omendutako bazkideak. Argazkia: Foto Zaldua.

Urriaren 30ean Bazkideen Eguna ospatuko dute Arkupeak elkarteko lagunek Gorraizen. Izen ematea, berriz, heldu den astelehenean, asteartean eta asteazkenean egin beharko da.

Urriaren 30ean, ortzeguna, izanen da elkartearen urteko zitarik garrantzitsuenetako bat: Bazkideen Eguna.

11:0etan autobusera igo, eta 12:00etarako denak Gorraizen elkartuko dira. Bertan meza santua izanen dute hildako bazkideen oroimenez. Gero omenaldia eginen diete platinozko, urrezko eta diamantezko ezteiak betetzen eta 85 urte betetzen dituztenei.

Ondotik, 14:00etan, bazkaria eginen dute Gorraizen. Honako menua izanen dute: marisko krema; baserriko arrautza 62 gradutan Ultzamako onddoekin eta apar trufatuarekin; legatza parrillan, patata krematsuarekin, plankton zukuarekin eta zitrikoen emultsioarekin; Nafar jatorriko bildots errea Tuterako kukuluekin eta parmentierrarekin eta postrerako Pantxineta Ultzamako gaztanbera izozkiaren. Horrekin batera, ardoa, cava, kafea, infusioa eta likore kopa ere izanen dituzte.

Bazkaria bukatzean, 17:00etan, dantzaldia izanen dute eta 20:00etan hartuko dute itzulerako autobusa.

Irteeraren prezioa 70 eurokoa da, eta izen ematea heldu den astelehenean, asteartean eta asteazkenean, hilaren 25ean, 26an eta 27an egin beharko da delegatuen bidez.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun