Nafarroako Txokor Biltze Txapelketa irabazi du berriz ere Ainhoa Etxegarai beratarrak

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 19a

Herriko besten barrenean, hainbat kirol txapelketa jokatu zituzten joan den astean. Donamarian, adibidez, abuztuaren 14an, Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa egin zuten, eta Arantzan, berriz, abuztuaren 15ean, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala eta emakumezkoen eta gizonezkoen Nafarroako Txokor Biltze Txapelketak.

Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa

Ortzegun arratsaldean, hamar aizkolarik parte hartu zuten Donamarian jokatutako Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketan: Iban Resano, Asier Pellejero, Jesus Etxeberria, Aritz OIarbide, Iosu Santamaria, Mikel Indakotxea, Emilio Gartzia, Ibai Telletxea, Patxi Igoa eta Oier Mitxelenak. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako bertze enbor bat moztu behar izan zituzten, eta horien artean bortzek lortu zuten irailean jokatuko den finalerako txartela: Aritz Oiarbide, Iban Resano, Oier Mitxelena, Beintza-Labaiengo Jesux Etxeberria eta Patxi Igoak.

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala

Biharamunean, Arantzan egin zuten hitzordua herri kirol zaleek. Iruñeko sanferminetan jokatutako kanporaketan hala erabakita, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finalean, bortz aizkolari aritu ziren nor baino nor gehiago, eta Julen Urrutia arraioztarrak segundo guttira eduki zuen garaipena. Bigarren gelditu zen, Beñat Senosiainen ondotik. Hala ere, biek lortu dute heldu den urtean bigarren mailan aritzeko txartela. Xabier Mitxelena iruritarrak, berriz, borzgarren egin zuen.

Bi kanaerdiko eta bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten eta honela gelditu zen sailkapena:

  1. Beñat Senosiain (Olague): 11.07
  2. Julen Urrutia (Arraioz): 11.21
  3. Ioan Goikoetxea (Etxarri Aranatz): 15.00
  4. Eñaut Oiarbide (Etxarri Aranatz): 15.09
  5. Xabier Mitxelena (Irurita): 15.15
Txokor Biltze Txapelketak

Emakumezkoetan, Ainhoa Etxegarai beratarrak sasoian dagoela erakutsi zuen berriz ere, Arantzako jokatutako saioan, bera izan baitzen 50 txokor biltzen lehenbizikoa. Eta hala, beretzat izan zen zapela. Leire Herrera eta Sara Zapatak osatu zuten podiuma.

Gizonezkoetan, berriz, sei kirolari aritu ziren: Josu Elizalde, Lur Gil, Manex Sarasola eta Luken Urtxegi igantziarrak, Oier Aierdi eta Aimar Martinez. Lur Gil izan zen 50 txokorrak biltzen bizkorrena, eta podiumeko hurrengo bi postuak igantziarrentzat izan ziren. Luken Urtxegi gelditu zen bigarren eta Manex Sarasola hirugarren. Gainerakoan, Oier Aierdi laugarren gelditu zen, Josu Elizalde borzgarren eta Aimar Martinez seigarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun