Doneztebe The Moment taldeak gorriz jokatuko zuen, Julen San Miguel, Asier Mutuberria, Josu Juanenea eta Koldo Legarrarekin. Oiz A taldea, berriz, Ioritz Zelaietak, Iker Bereauk, Laurendi Zelaietak eta Ugutz Zelaietak osatu zuten. Epaile lanetan Laurendi Zelaieta, Mikel Mindegia eta Iban Santesteban aritu ziren eta Pio Garcia izan zen xaxaria.
Lehen bi jokoak Doneztebeko taldeak egin bazituen ere, ez zen joan den urteko martxarik izan eta hurrengo hiruak segidan egin zituen Oizko taldeak, aurten txapela garesti salduko zuela erakutsiz. Partida lehiatua zen, baina Doneztebe berriz ere agintzen hasi zen, Julen San Miguelen sake zitalean oinarrituta. 8-4 zirela, partida akitzeko eta txapela janzteko pilotak izan zituen Doneztebeko taldeak, baina Oizek ere ederki defendatu zuen berea. Ioritz Zelaietak ere sake ederrak egin zituen eta, joko onarekin, 8-6 hurbildu ziren Oizekoak. Baina ez zen aski izan, 9-6koa lortu zuen Doneztebe The Moment taldeak, jokoa, partida eta txapela.
Sari banaketan izan ziren Arantxa Arregi Doneztebeko alkatea, Andrea Lusarreta (Nafarroako Pilota Federazioko presidentea), Iñaki Lizaso (Gipuzkoako Pilota Federazioa) eta Juan Manuel Hernandez Auta (Kanariar Uhartetako pelotamanoko presidentea)
Oiz B hirugarren, Arraioz Sagardia laugarren
Baina final handiaren aitzinetik, larunbatean goizean hirugarren posturako partidua jokatu zuten Oiz B eta Arraioz Sagardiaren artean. Bi taldeak ligaxkan sailkapeneko buru izan ziren. Arraiozko taldeak jokatu zuen gorriz eta taldea Mikel Mindegiak, Josu Etxandik, Urki Etxandik eta Aritz Alundak osatu zuten. Oiz B taldea Xuban Ilarregik, Mikel Mikelarenak, Zorion Zelaietak eta Markel Leatxek osatu zuten. Oiztarrek irabazi zuten, 3-9.
Egun osoko pilotaren besta eta bisita gidatu arrakastatsua
Eguna, beraz, hirugarren posturako partiduarekin hasi zen. Partiduaren ondotik, triki poteoa izan zen eta gero, bazkaria Santamarian. Arratsaldean final handia jokatu zuten eta finala eta gero, luntx bat izan zen. Aipatzekoa da, laxoaren historia eta jokoaren inguruko azalpenak eman zituztela Jokin Apezetxea eta Gorka Bidegain Laxoa Elkarteko kideek finalaren aitzinetik eta finala jokatzen zuten bitartean. 30 lagun baino gehiagok parte hartu zuten euskaraz eta gaztelaniaz emandako bisita gidatuan.