Horrela, Lekunberriko kaleak jai-giroz beteko dira 10:30etik 20:00etara, artisautza postuak, musika ibiltaria, animaliak eta lanabes tradizionalak, erraldoien konpartsa, trikitilariak, dantzariak, kontzertuak eta abar eskainiz. Bertako kaleak eta etxeak mimoz eta ilusioz apaintzen ari dira jada egun horretarako, antzinako azoketako giroa birsortzeko asmoz.
Bandera dantza, musika eta ibilbide antzeztua
Ekitaldi nagusia ibilbide antzeztua izango bada ere, aurretik, ohi bezala, 10:30ean ezkila jotzea izango da eta, modu honetan, festa-jardunaldi eder honi hasiera emango zaio. Era berean, txistulariek, trikitilariek, juglareek eta trobadoreek musika giroa jarriko dute lehen orduetatik.
12:00etan banderaren dantza eginen dute. Urtez urte errepikatzen den erritual honetan herriko bandera goratzen da Aralar Musika Eskolako txistularien musikaren erritmoan.
Ordutik aurrera, ibilbide antzeztuaren zita iritsiko da eta erdiguneko kalerik esanguratsuenak zeharkatuko ditu, hiru etxe zehatzetan geldialdiak eginez.
Antzinako giroa
Egunean zehar, azoka tradizionaletako musika ibiltaria izango da protagonista ibilbide osoan. Saltinbanki eta musikari ibiltariekin batera, Aralarko Musika Eskolako musikariek ere parte hartuko dute. Txistuak, trikitixak, dultzainak, atabalak, danbolinak... izango dira Lekunberriko kaleak girotuko dituzten instrumentu tradizionalak.
Era berean, herriko kaleak kolorez eta magiaz jantziko dira, Erdi Arora bisitariak eramango dituzten estandarte eta banderekin, baita Lekunberriko Joskintza Taldeak azken hilabeteetan egin dituen arropa berriekin ere. Udalarekin hitzarmena egin ondoren, Joskintza Taldeko kideek Erdi Aroko arropa berriak egin dituzte, eta abuztuaren 1ean banatuko zaizkie herritarrei Lekunberriko udaletxean.
Arratsaldeko azken orduan sorpresa
Hain zuzen ere, musikari eta dantzarien eskutik etorriko da ustekabe ederra. Izan ere, 18:00etan Lekunberri-Larraungo erraldoi eta buruhandien konpartsaren txanda izango da. 2020an sortutako konpartsak Nafarroako geografian eta erraldoien unibertso bitxian jada ezagunak diren pertsonaiak ditu: "Malloa", "Napar", "Larraun" eta "Larrain". Eta hoiekin batera, "Gaztaundi", "Arotza" eta "Elutza" kilikiak. Baina, oraingo honetan, sorpresa bat egongo da, ez baitira bakarrik ibiliko. Egunaren amaierak ere kutsu musikal nabarmena izango du, kasu honetan, musika eta sua nahasten dituen ikuskizun batekin. 20:00etan izango da.
Gero eta jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa den ekitaldi baten alde
Plazaolako Partzuergo Turistikoa eta Lekunberriko Udala, Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritzaren jarraibideekin bat eginez, lanean ari dira Antzinako Azoka bera, eta zonaldeko beste ekitaldi batzuk ere, gero eta jasangarri, inklusibo eta irisgarriagoak izan daitezen.
Lekunberriko Udalaren webguneak (www.lekunberri.eus) eta partzuergoaren webguneak (www.plazaola.eus) xehetasunez jasotzen dituzte arlo horretan hartutako neurriak, baina ondorengoak dira garrantzitsuenetako batzuk:
● Garraio publikoan mugikortasuna sustatzea: egun horretan Lekunberrira iritsiko diren autobusen ordutegiak ("Conda" autobusak. www.alsa.es).
● Merkatuaren esparrutik kanpo egokitutako aparkalekuak (seinalizatua eta informazio emango duten boluntarioak egongo dira)
● Mugikortasun Urriko Pertsonentzako Aparkalekua (MUP) azokatik gertu (frontoiaren ondoan)
● Komun egokituak: Azokatik gertu ere (frontoian)
● Entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzako indukzio-buklea informazio-puntuan. Formakuntza duten pertsonek arreta egingo dute.
● Programa eta komunikazio (prentsa oharra eta Sareak) irisgarriak
● "Zaborra 0": zaborrontziak jarriko dira (koloreen arabera bereiziak), betiere espazio garbi eta osasungarria izateko helburuarekin ("Zaborra 0"), eta hondakinen gaikako bilketa eta birziklapena sustatuko da.
● Edalontzi konpostagarriak edariak zerbitzatzen diren postuetan.
● Birziklatutako paperean inprimatutako seinaleztapen-kartelak
● Atseden-guneak (frontoiaren ondoan)
Produktuen azoka egun osoan
Plazaola-Mendialdea inguruan eta Nafarroa osoan egindako produktuen aparteko eskaintzaz gozatu ahal izango dute bisitariek egun osoan. Guztira, 65 postu baino gehiago izango dira. Plazaola Partzuergo Turistikoa eta Napar Bideak, Nafarroako Elikagai Artisauak elkarteetako artisauek euren tailerretan, baserrian edo ustiategietan egindako lanaren emaitzarik onena eskainiko dute: taloa, gazta, sagardoa, hestebeteak, eztia, ogia, tartak, etab. Horiek guztiak zuraren, zeramikaren, urregintzaren, ehungintzaren, larrugintzaren eta artisautzako beste zenbait teknikarekin bat egingo dute.