BOISEKO EUSKAL JAIALDIA 2025

[ARGAZKIAK] Boiseko udaletxean ikurriña jarri dute

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 1a

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak parte hartu dute ekitaldi ofizialetan

Boiseko jaialdia diasporaren ospakizun handi bat da, baina bada ekitaldi ofizialetarako lekurik ere. Uztailaren 31n, ortzegunean, egindako ekitaldian ikurriña jarri zuten Boiseko udaletxean, Maite Goizueta berriemaileak aipatu digunez. Lauren McLean Boiseko alkateak hitza hartu du eta jarraian, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria den Imanol Pradales jauna mintzatu zen eta Nafarroako Gobernuko ordezkaritza ere izan zen bertan, Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidentea, hain zuzen ere.

Unai Hualdek Boiseko Basque Museum/Euskal Museoan elkartu zen Patty Miller andrearekin. Urte asko igaro ditu bertako zuzendaritza lanetan, hala nola laguntzak lortzen proiektuarekin aitzinera segitzeko. Unai Hualdek Nafarren aztarna Far Westen liburuaren ale bat eskura eman zion. Hualdek bere kabineteko burua den Carlos Perez eta EHUko irakasle eta ikerlari den Asier Barandiaran izan zituen ondoan.

Bere agendan bertze betebehar bat ere izan zuen Unai Hualdek. Boiseko Unibertsitatean Euskal Herriaz eta euskal kulturari buruzko sinposiumean parte hartu zuen. Nafarroako Gobernuak nafarren diasporaren inguruan egin duten lana ezagutzera eman zuen, baita aurrerantzeko proiektuen berri eman ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun