Bisita gidatua ere eskainiko dute laxoa txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 1a

Oizko sakelaria joan den urteko finalean. 1990an lortu zuen azken txapela Oizek eta berreskuratzen saiatuko da, baina azken hiru urteetako txapelduna, Doneztebe The Moment, izanen dute aitzinean larunbat arratsaldeko finalean.

Abuztuaren 2an, larunbatean 17:30ean jokatuko dute Doneztebeko Bear-Zanan Doneztebe The Moment eta Oiz A taldeek eta goizean, hirugarren posturako lehia izanen dute Oiz Bk eta Arraioz Sagardiak

Doneztebe The Moment eta Oiz A taldeek finala errepikatuko dute bigarren urtez segidan. Finala larunbat honetan, abuztuak 2, 17:30ean jokatuko dute Doneztebeko Bear Zana pilota plazan. Doneztebe The Moment taldeak gorriz jokatuko du eta taldea Julen San Miguelek, Asier Mutuberriak, Josu Juaneneak eta Koldo Legarrak osatuko dute. Oiz A taldea, berriz, Ioritz Zelaietak, Iker Bereauk, Laurendi Zelaietak eta Ugutz Zelaietak osatuko dute.

Iazko finala errepikatuko da, protagonista berdinekin, baina plaza ezberdinean. Iaz Arraiozen izan zen finala, aurtengoan, aldiz, Donezteben izanen da. Iaz The Moment taldeak irabazi zuen eta bere laugarren txapela segidan irabazi nahi du. Oizko taldeak hiru txapel  baditu, baina azkena 1990ean lortu zuen. Beraz,  35 urte eta gero laxoako lehen txapela lortzen saiatuko da laukotea. 

 

Hirugarren postua jokoan larunbat goizean

Baina final handiaren aitzinetik, larunbatean 11:00etan hasita, hirugarren posturako partidua jokatuko duten Arraioz Sagardiaren eta Oiz Bren artean. Bi taldeak ligaxkan sailkapeneko buru izan ziren eta finalerako sailkapena lortu ez bazuten ere, seguru partidu eder bat eginen dutela hirugarren postuaren bila. Arraiozko taldeak jokatuko du gorriz eta taldea Mikel Mindegiak, Josu Etxandik, Urki Etxandik eta Aritz Alundak osatuko dute. Oiz B taldea Xuban Ilarregik, Mikel Mikelarenak, Zorion Zelaietak eta Markel Leatxek osatuko dute.

 

Egun osoko egitaraua eta bisita gidatua

Eguna, beraz, hirugarren posturako partiduarekin hasiko da. Partiduaren ondotik, triki poteoa izanen da eta gero, bazkaria Santamarian. Arratsaldean final handia jokatuko dute eta finala eta gero, luntx bat izanen da. Aipatu, norbaitek laxoarekiko azalpenak jaso nahi baditu, partiduan zehar jendea izanen dela azalpenak ematen, bisita gidatuan. Laxoaren hisrotiaz eta jokoaren inguruko azalpenak jaso nahi duenak 660 99 07 45 telefonoan eman behar du izena eta larunbatean 16:45ean izanen dute hitzordua Doneztebeko Bear Zana pilota plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun