BOISEKO EUSKAL JAIALDIA 2025

[ARGAZKIAK] Euskal jatorria eta sustraiak ez dituzte ahazten Boiseko Basque Blockean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 31

Ikurriña, lauburua, pilota, euskal dantzak eta kantuak… denak presente daude Idahoko hiriburuko euskal auzoan egiten ari diren jaialdi handian.

Ameriketako Estatu Batuetan karrika edo inguru berean dauden komunitate bereko hainbat eraikinen multzoari deitzen diote ‘Block’. Boiseko Basque Block da AEB osoan dagoen euskaldunen block bakarra, Basque Center edo Euskal Etxearen inguruan antolatua. Maite Goizueta, Ttipi-Ttapako berriemaileak aipatu digunez, «Basque Block delakoan, janariaz eta edariaz gozatzeko aukera izan da. Lagun zaharrekin eta berriekin eleketan pozik ibili dira hurbildutako guztiak, ‘Adiskide onekin orduak labur’».

Uztailaren 29an, asteartean, goiz partean, gizonezkoen eta emakumezkoen pilota partidak jokatu zituzten, paletaz, eta arratsaldeko zortzi orenetan, Boisen oso ezaguna den Pengilly’s' Saloon ostatuan, Euskal Herriko Trikkilintxo taldeak jo zuen, bertan giro ederra sortuz.

Jatorriz euskaldunak ez diren lekuetan ere errespetu handia dute Euskal Herriari eta euskal jendeari. Maite Goizuetak dioenez, «Beside Bar De Nay ostatuko arduradunak esan zigun asmoa zuela euskara ere erabiltzeko, Karta/Menua, euskaraz ere jarriko zuela. Itzulpenen zain zegoen». Hitza hitz, «gaur ikusi dugu ohar desberdinetan euskara erabili duela!».

Boiseko jaialdi nagusia bortz urtetik behin egin ohi da, nahiz eta, pandemia zela eta, azkenekoa duela hamar urte egin zen. Halere, euskaldunek urtean behin Pic-Nic ere egiten dute euskaldunak biltzen diren hainbat lekutan, gehienetan aste bukaerak izaten dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun