Nafarroako XX. Erremonte profesionaleko txapelketa larunbatean abiatuko da Sartagudan

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 30a

Nafarroako XX. erremonte txapelketaren aurkezpenean izan ziren erremontistak, Euskal Jai Erremonte Fundazioko, Nafarroako Pilota Federazioko, ADANO elkarteko eta erakunde babesleetako ordezkariak.

Bortz bikote ariko dira lehian, urriaren 4an Zubirin jokatuko den finalerako txartelaren bila.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak hogeigarren aldiz antolatutako Nafarroako Erremonte profesionaleko txapelketaren aurkezpena egin zuten uztailaren 29an, astearte goizean, Nafarroako Gobernuaren Kirolaren Etxean. Bortz bikote ariko dira lehian eta parte hartuko duten hamar erremontistetatik lau eskualdekoak baldin badira ere, gure inguruan ez da partidarik jokatu.

 

Zehazki, Zeberio II.a eta Ion, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Matxin III.a eta Barricart, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otano eta Xuban Iturregi iruritarra eta David Mitxeo doneztebarra izanen dira txapelketa jokatuko duten bikoteak.

Final laurdenetako ligaxka abuztuaren 2an, larunbatean abiatuko da Sartagudan eta, ondotik, abuztuaren 11n Agoitzen, abuztuaren 15ean Hendaian (bi partida jokatuko dituzte Hendaiako erremonte profesionaleko mini torneoa goiburupean eta sarreran biltzen dena Iparraldeko Les deux Jumeaux elkartera bideratuko dute), abuztuaren 17an Santakaran, abuztuaren 23an Andosillan, irailaren 5ean Artaxoan, irailaren 7an Altsasun, irailaren 13an Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolan eta irailaren 14an Zangozan jokatuko dituzte partidak. Ligaxkako lau bikote onenek finalerdiak jokatuko dituzte, lehenbizikoak laugarrenaren kontra eta bigarrenak hirugarrenaren kontra, joanekoa eta itzulikoa: irailaren 20an Los Arcosen, irailaren 21ean Irunberrin, irailaren 26an Lodosan eta irailaren 27an Aiegin. Finalerdietako irabazleek finala urriaren 4an jokatuko dute Zubirin.

 

ADANOren alde

Txapelketako jaialdi guztiak ADANO elkartearen aldekoak izanen dira eta 10 euroko sarrera/dohaintza eginen dute 22 urtez goitiko ikusleek. 16 eta 22 urte artekoek bortz euro ordainduko dute eta hortik beheitikoak doan sartuko dira frontoira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun