Edukiontzi berriei esker, hondakin guttiago sortu eta hobeki kudeatu dute Malerrekako Mankomunitatean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 25a

Tapa txikidun 60 edukiontzi berde (errefusarako), 19 edukiontzi hori (ontzi arinentzat) eta 19 edukiontzi urdin (papera eta kartoirako) paratu dituzte Malerrekan..

Azken sei hilabeteetan Malerrekako Mankomunitatearen eremuan hondakin guttiago sortu da eta sortutako hondakinen birziklapen tasa hobetu da. Hobekuntza horretan eragin zuzena izan dute 2024an eskuratu eta kokatu diren edukiontzi berriek, 2023ko Hondakinen Urte Anitzetako Funtsaren bidez finantzatuak.

 

Malerrekako Mankomunitateak, hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen arazoaz jabeturik, urrats sendoak ematen segitzen du hondakinek ingurumenean duten eragina arintzeko helburuz. Ildo horretan, 2024an hainbat udalerritan (Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Donamaria, Beintza-Labaien eta Eratsun) edukiontzi puntuak berritu eta egokitu dituzte.

Zehazki, tapa txikidun 60 edukiontzi berde (errefusarako), 19 edukiontzi hori (ontzi arinentzat) eta 19 edukiontzi urdin (papera eta kartoirako) paratu dituzte. Edukiontzi berrien ezarpenez gain, inguruneak ere txukundu eta egokitu dituzte.

Ekimenen eta komunikazio kanpainen ondorioz, 2025eko lehen sei hilabeteetan hondakinen sorrera % 5 jautsi da, eta birziklapen tasa % 2 altxatu da. Emaitza xumeak diruditen arren, Malerrekako Mankomunitateak balorazio positiboa egiten du, «norabide egokian goazen seinale» baitira.
Gogoan izan behar da Nafarroako Hondakinen Mankomunitateek zabortegira bidalitako hondakin tona bakoitzeko kanon bat ordaindu behar dutela, eta, ondorioz, errefusaren murrizketa ezinbertzekoa dela bai ingurumenaren babeserako, bai ekonomia zirkularrerako bidean aitzinera egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun