Euskararentzat justizia eskatu dute Arantzan, Donezteben eta Leitzan

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 21a, 12:00

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak alde batera utzi ondotik, UEMAk deituta, epaia salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko elkarretaratzeak egin zituzten larunbat eguerdian Euskal Herriko hainbat txokotan; tartean, Arantzan, Donezteben eta Leitzan.

Euskal Herri mailan milaka herritar atera ziren larunbat eguerdian plazara, eta Martin Aramendi UEMAko lehendakariak deialdiarekin bat egin zutenei eskerrak eman zizkien: «Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute bertze behin, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan paratuz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diren milaka herritarrei».

Egoeraren larritasuna ikusita, euskarak «benetako babesa» behar duela aldarrikatu zuen Aramendik: «Egoeraren larritasunak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aitzinera egiteko nahitaezkoa baitugu benetako lege-babesa. Horretarako deia egiten diegu alderdiei, euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu. Badakigu, ildo horretan, euskalgintza, hainbat alderdirekin eta eragilerekin mobilizazioak prestatzen ari dela. UEMAk horiekin bat eginen du, eta udalei eta herritarrei ere dei egiten diegu ondoan izan ditzagun, gure eskubideen defentsan». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!