Berako Altzateko frontoian goraino betea zela egin zuten Herri Herri Txapelketako lehen jardunaldia. Lau talde aritu ziren nor baino nor: Basaburua, Etxarri Aranatz, Txantrea eta Ultzamaldea.
Bi proba konbinatu jokatu zituzten. Lehenengoa lokotxak biltzen, zakuarekin lasterka, aizkoran, lasterka eta trontzan aritu ziren parte hartzaileak eta lehen sailkatua Ultzamaldea izan zen 23.44.83ko denborarekin . Lehia estua izan zen bigarren gelditu zen Etxarri Aranatzekin (24.18.84). Hirugarren lekuan eskualdeko ordezkari bakarra sailkatu zen, Basaburua (25.25.57) eta laugarrenean Txantrea (26.27.29).
Bigarren proba konbinatuan, berriz, bi proba egin zituzten: ingude altxatzea eta txinga eramatea. Bi lehiak kontuan hartuta, Etxarri Aranatz izan zen lehen sailkatua.
Lehen jardunaldiaren ondotik, ortzirale honetan, hilaren 25ean, eginen dute bigarren jardunaldia Elizondoko Iriarte frontoian. Bertan, Araxes, Arraioz, Etxarri Aranatz eta Irurita ariko dira.