Txalaparta doinuak bizikleta gainean

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 19a, 09:00

Bizikleta gainean, txalaparta eta behar dutena zakutoan hartuta egiten dute Ttakun Bira.

Uztailaren 20tik 24ra XI. Ttakun Bira eginen dute, txalaparta ezagutaraziz Euskal Herrian barna bizikletan egiten duten bidaia. Lehenbiziko etapa Hernanitik Goizuetara eginen dute eta bigarrena Goizuetatik Saldiasera. Ane Apezetxea Gorrotxategi goizuetarra tartean ibiliko da.

«Bizikletan Euskal Herria ezagutzeko eta jendeari txalaparta ezagutarazteko lagunarteko plan dibertigarria». Hitz horiexek erabili ditu Ane Apezetxea Gorrotxategi goizuetarrak Ttakun Bira zer den esplikatzeko. 2013an Hutsun taldeak paratu zuen martxan Ttakun Bira, txalaparta eta bizikleta hartuta, Euskal Herrian barna egiten den bidaia musikala, eta goizuetarra 2020an hasi zen. 

Geroztik hiru aldiz egin du, eta aurtengoa laugarrena izanen du.  Uztailaren 20tik 24ra, Hernani eta Lakuntza lotuz eginen dute eta Apezetxearentzat berezia izanen da, bere herritik pasatuko delako. Lehenbiziko etapa Hernanitik Goizuetara eginen dute; bigarrena Goizuetatik Saldiasera, eta hirugarrena Saldiastik aterako da.   

«Gogorra baina polita» 

2019an murgildu zen txalapartaren munduan Apezetxea: «Ikasturte hasieran, kuadrillako bat eta biok Iruñean, Hutsun taldearekin, txalaparta ikasten hasi ginen». Pandemiaren ondorioz, halabeharrez, alde batera utzi behar izan zuten; «martxoan pandemia ailegatu zen eta hortxe bukatu genuen». Geroztik «ikastaro bat edo beste» egin omen ditu, baina Hutsun taldearekin egindako ikastaro hark Ttakun Biran parte hartzeko atea ireki zion: «Irakasleek Ttakun Biran parte hartzera animatzeko esan ziguten, eta baietz esan nuen. 2020an egin nuen nire aurrenekoa». Lehenbiziko aldia eta gainera, bakarrik egin zuen, «ezagunik gabe». Onartu du «beldurtua» joan zela: «Bizikleta ere orduantxe erosi nuen eta entrenatzen aritu nintzen. Hiru eguneko beste ibilbide bat egin nuen, eta Ezkaba mendira behin baino gehiagotan ibili nintzen bizikletan. Hura izan zen txukunen prestatu nuena, geroztik ez ditut askorik prestatu...». Kontatu duenez, «gogorra izan zen, egunean 50 bat kilometro dira, baina balorazioa oso positiboa izan zen. Urrutira joan gabe, Euskal Herrian bertan, bizikletan bidaiatzea oso polita iruditu zitzaidan».

Ane Apezetxea Gorrotxategi.

Gustuko tokian maldarik ez denez izaten, segitzea erabaki zuen: 2021ean eta 2022an Ttakun Biran ibili zen. 2023an eta 2024an ez, ezin izan zuelako. Eta ez da urrikitu parte hartu izanaz: «Ttakun Birak mundu berria irekitzeko eta jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Lagunarte bat egin dut eta mantentzea espero dut».

«Logistika gutxi» 

Txalaparta, jatekoa, lo zakua... Dena bizikleta gaineko zakutoan sartuta egiten dute bidaia: «Lehen txalaparta karroan eramaten genuen, txandakatuz, baina gaur egun, bakoitzak taula bat hartzen du, zakutoari lotu eta horrela ibiltzen gara. Janaria ere guk eramaten dugu». Eta hortik aparte «logistika gutxi», Apezetxeak dioenez. «Zailena aurreneko eta azkeneko egunak izaten dira, jendea eta bizikletak hasierako puntura eraman behar direlako eta azken egunean bueltatzeko bitartekoak behar direlako. Baina  gainerakoan, deus gutxi.  Hori ere bada Ttakun Biraren berezitasuna». 

Lotarako lekua, berriz,, «batzuetan aurretik pentsatua» edukitzen dute. Baina ez beti, eta halakoetan, «ailegatu eta txokoa bilatzen dugu: arkupe bat, herriko frontoia... Zakua zabaldu, esterilla ireki eta listo. Dena erabat kalean da». Hala ere, «askotan, planifikatu gabe, jendeak etxera gonbidatu» izan dituela aipatu du. «Beste behin, Uskartzen (Zaraitzu, Nafarroa)soziedadea eskaini ziguten, eta beste batean Lodosan meriendarekin txalapartari batzuk ongietorria egin ziguten... Nahiko inprobisatua izaten da».

Tartean, anekdota bat edo beste ere baditu gogoan geldituak: «Uste dut Vianan izan zela. Dena arrunt lehorra zen, eta taldeko batek inguru berde-berdea zuen ermita bat bazela esan zuen. Hara joan ginen. Dotorea zen tokia. Baina goizeko bostetan aspertsore guziak piztu ziren eta denak blai egin ginen. Zerbaitengatik zen berdea!», esplikatu du irri artean. Baditu bestelako oroitzapenak. Duela bi urtekoa, adibidez: «Ttakun Biraren aurretik bost lagun Lizarragako portutik Beriainera igo ginen bizikletan. Oso gogorra izan zen, baina aldi berean, oso polita. Merezi izan zuen. Arratsaldean igo eta lo ermitan egin genuen. Orduko oso oroitzapen polita dut. 2021eko azkeneko etapa, berriz, Zarrakaztelutik Tuterara egitekoa genuen eta beroa emana zenez, goizeko bostak aldera abiatu ginen. Egunsentia Bardeetan ikusi genuen».

2021eko Ttakun Biran, partaideak Bardeetan. Ezkerretik hasita hirugarrena da Ane Apezetxea Gorrotxategi goizuetarra.

Gazteak falta 

Txalapartaren egoeraz ere mintzatu da goizuetarra eta «Nafarroan txalapartak duen egoera, Euskal Herriko hoberenetarikoa» dela iruditzen zaio: Txalaparta topaketetan hori ikusten da bere hitzetan: «Euskal Herri mailan txalaparta topaketak egiten direnean, Iruñekoak indar handia du eta indartsuena hori dela esanen nuke». Hala ere, erreleboa falta da: «Badira txalaparta ikasteko lekuak, baina gazteak falta dira, hori da problema. Ni gazteenetako bat izanen naiz eta Lodosan hamabost urteko beste bat aitarekin aritzen da». Ttakun Biraren etorkizuna ere horren araberakoa izanen dela uste du: «Oraingoz, badu etorkizuna, baina orain gaudenak zahartu ahala, ez badira gazteak sartzen, ez dakit...».

Aurtengoa hamaikagarrena 

Aurtengo edizioa hamaikagarrena izanen da eta eta eskualdetik pasatuko da. Edozein moduz, lehen ere ibiliak dira bizikleta gainean eta txalaparta doinuak zabaltzen inguruan. Konparazio batera, lehenbiziko edizioa 2013an egin zuten, eta Iruñetik Berara egin zuten; 2014an Beratik atera eta Sopelara joan ziren; 2023an Izabatik Elizondora egin zuten; eta joan den urtean, Elizondotik Hernanira. Eta aurreko urtean bukatutako herrian hasten denez hurrengo bidaia, aurten Hernanitik aterako da, eta Hatortxu Rock jaialdiaren azken edizioarekin bat eginez, Lakuntza aukeratu dute helmugarako. «Erdi broman bota  nuen Hernanitik Lakuntzara egin behar genuela, eta halaxe atera zen». Gainera, ez dute lan handirik hartu horretan: «Urtarriletik maiatzera Iruñeko Txalaparta Topaketaren 20. urteurrena antolatzen ibili gara eta Ttakun Bira azken momentuan egin dugu. Baina argi genuen non hasi eta non bukatuko zen eta hori jakinda, bilera bakarra nahikoa izan da. Taldeko batek bidea egin zuen eta denok onartu genuen».  

Gainerakoan, «arriskuagatik, errepide nazionalak saihesten» saiatzen direla kontatu du goizuetarrak. Horren partez, «beste bideak edo pistak hartzen ditugu eta zaintza handiarekin ibiltzen gara, batez ere tarte arriskutsuetan». Horren harira, onartu du «aurreneko Ttakun Bira egin nuenenetik, autoan noanean, bizikletekin askoz kontzientzia gehiago» duela. Eta hori ere beharrezkoa da halako plan batean. Bizikleta gainean doazenean, «orokorrean jendeak errespetatzen» dituela esan du, «baina batzuk haserretzen» direla ere gehitu du. Eta aurten eskualdean barna ibiliko direla probestuz, txalaparta hartuta bizikleta gainean kuadrilla bat ikusiz gero, «jendeak jakin dezala gu garela, Ttakun Birakoak». 

Hasierako etapak eskualdean 

Lehenbiziko etapak 44 kilometro izanen ditu eta Ttakun Birako kideek Hernanitik Astigarragarako bidea eginen dute. Handik Oiartzunera joanen dira, ondotik Artikutzara, eta Goizuetan bukatuko dute. Goizuetan pasatuko dute arratsa. Aitortu digunez, «ilusio handia egiten dit Artikutzatik pasatzeak eta bereziki Goizuetan lo egiteak. Amonaren etxean lo eginen dugu, Zabaltenean, Zabalteneko hamar senideen baimenarekin. Niretzat arrunt berezia izanen da».

Bigarren etapa Goizuetatik Saldiasera eginen dute. 56 kilometro Ezkurra, Eratsun, Zubieta, Ituren, Elgorriaga, Doneztebe, Urroz eta Beintza-Labaiendik pasatuta eginen dituzte. Hirugarren etapa Saldiastik Ziara aurreikusi dute (47 km); laugarrena Ziatik Lezaunera (61 km) eta bosgarrena eta azkena Lezaundik Lakuntzara (36 km).

Hamar-hamabi laguneko taldea bildu dira aurten. Eta hori ere birak izan duen bilakaeraren seinale da: «Bospasei lagun hasi ziren eta taldea handitzen joan da». Gaur egun, halere, «nahiko kuadrilla finkoa» omen dira: «Hor gaudenok uda Ttakun Bira kontuan hartuz antolatzen dugu». Aldi berean, «adin askotako jendea» direla dio: «Aurten, esaterako, Faltzesko 70 urteko batek eginen du». Honela gaineratu du: «Batzuk egunero bizikletan ibiltzen dira, baina denak ez. Ez gara kirolari profesionalak, eta taldean, txalapartari profesionalak baldin badira ere, gehienak afizionatuak gara. Bai, bizikletan ibili behar da, baina horren gainetik giroa eta plana bera aipatuko nituzke. Bizikleta, txalaparta, lagunartea eta oporrak. Lau elementu dira eta hori da politena. Ttakun Bira berezia eta originala da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun