Hemen dira Saharako haurrak

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 18a, 17:30

Nahi baino beranduago, baina azkenean ailegatu dira Saharako neska-mutikoak. Gaur egin diete harrera Orkoienen.

Saharaztan Saharako herriaren aldeko Baztan-Bidasoko elkartasun elkarteari esker eta Oporrak Bakean programa tarteko, Saharako hamaika haur uztailaren 4an ailegatzekoak ziren eskualdera. Baina, kontu burokratikoak tarteko, hegaldiak alde batera gelditu ziren eta azkenean gaur ailegatu dira. Orkoienen egin diete harrera. Bina haur Erratzura, Elizondora eta Iturenera etorri dira, eta gainerakoak Iruritara, Zigara, Narbartera, Donamariara eta Sunbillara eta abuztuaren 29ra arte eskualdean pasatzekoa dute uda.

Harrera familia horietako bat da Arantxa Gamio, eta honela kontatu du gaur bizitakoa: «Zer sentitzen da izozki bat jatean? 20°C-tan egotean? Dutxatzeko ura 30°C ingurutan izatean? Baratzeko leka freskoek zer zapore dute? Dutxatu ondotik larruazala zaintzeko krema ematean? Aspaldixkoan irudikatu, desio izan... duzun bidaia egiterakoan? Galdera horiek guziak gurean diren haur sahararrek ondorengo orduetan erantzuteko azalpenak izanen dituzte. Dagoeneko gure artean baititugu!».

Gaineratu duenez, «gurean ohikoak diren oinarrizko higiene, atseden, elikadura... beharrak aseak ditugu eta ez dugu maiz duguna baloratzen, aitortzen. Beraiek nola disfrutatzen, ikasten, ezagutzen, erabiltzen... dituzten behatzerakoan konturatzen gara sarritan zer suertekoak garen! Zer dugun eta nola estimatu beharko genituzkeen ditugunak!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun