‘Euskararekin bat’ lelopean elkarretaratzeak eginen dituzte larunbatean eskualdeko hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 18a, 13:30

Herritar bat 'Euskaraz bizi nahi dut' pankarta eskuetan duela. (O. Los Arcos/Foku)

Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko eta euskarak justizia behar duela aldarrikatzeko mobilizaziorako deia egin du UEMAk. Arantzako, Aranoko, Doneztebeko eta Leitzako Herriko Etxeen aitzinean elkarretaratzeak eginen dituzte uztailaren 19an, 12:00etan.

Vox alderdiaren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak gibelera bota ditu Espainiako Auzitegi Gorenak ere. Gorenaren epaiaren arabera, herrialde batean hizkuntza koofizialak daudenean batek ezin du «lehentasunik» izan bertzearen gainean eta hizkuntzen arteko «desorekak» eragotzi egin behar dira. Hala, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi du. Epaia «larria» dela salatu du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten diela.

Euskararentzat justizia, lege-babesa eta arnasa eskatuz elkarretaratzeko deia egin dute larunbaterako. Euskararekin bat lelopean UEMAko kide diren hainbat udalerritako Herriko Etxeen atarian bilduko dira 12:00etan. Eskualdean hamahiru udal dira UEMAko kide eta Aranon, Arantzan, Donezteben eta Leitzan, behintzat, egitekoak dituzten elkarretaratzeak. Horietaz gain, Baztango eta Aresoko Udalak ere bat egin dute UEMAk egindako adierazpenekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!