Nerea Sorondo beratarrak irabazi du Nafarroako aizkolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 14a, 15:00

Nerea Sorondo beratarrak irabazi du aurten ere Nafarroako aizkolari txapelketa.

Harri altxatze txapelketan txapeldunorde izan da Josetxo Urrutia leitzarra eta gurdi altxatze txapelketan ere bigarren izan da Unai Bertiz sunbildarra.

Asteburuan Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa eta erakustaldi egin dituzte Iruñeko Foruen Plazan, sanferminen barrenean. Ortziralean, Nafarroako emakumeen aizkolari txapelketan Nerea Sorondo beratarra nagusitu zen (15.28). Uxue Ansorregi bigarren izan zen (16.48), Maika Ariztegi iturendarra hirugarren (23.33) eta Xanta Sousa lesakarra laugarren (23.42).

Harri altxatze txapelketan Josetxo Urrutia leitzarra aritu zen eta txapeldunorde izan zen (3.512,5 kilo), jaun eta jabe izan zen Oskar Aguas txapeldunaren atzetik (5.237,5 kilo). Albaro Zugarrondo hirugarren izan zen (3.337,5 kilo) eta Iñigo Gonzalez laugarren (2.737,5 kilo).

Oskar Aguasek irabazi zuen Nafarroako harri altxatze txapelketa eta Josetxo Urrutia leitzarra bigarren izan zen.

 

Larunbateko giza proba erakustaldian izan ziren Unai Bertiz eta Esti Gastearena sunbildarrak, Julen Kañamares eta Uxue Ansorregirekin batera. Ikusle zegoen jendea ere animatu zen probatzera.

Kañamares, Ansorregi, Gastearena eta Bertiz, giza proba erakustaldian.

 

Igandean, gizonezkoen bikotekako aizkolari txapelketan Arribeko Ibai Soroa eta Txomin Amundarain nagusitu ziren (25.03), Jon Rekondo leitzarra eta Iker Vicente bigarren izan ziren (25.29) eta Zigako Joxean Etxeberria eta Eneko Saralegi hirugarren (28.50). Gurdi altxatze txapelketan Unai Bertiz sunbildarra bigarren izan zen (bi itzuli eta erdi eta 2,6 metro), txapeldun izan zen Oskar Aguasetik hurbil (bi itzuli eta erdi eta 5,10 metro). Hirugarren Albaro Zugarrondo izan zen (bi itzuli eta laurden eta 0,97 metro) eta Alex Fernandez laugarren (itzuli bat, hiru laurden eta 2,11 metro). Estefi Etxebeste iturendarrak harri altxatze erakustaldia ere egin zuen.

 

Azken txapelketa eta erakustaldia gaur

Uztailaren 14an, astelehen eguerdian jokatzekoak ziren Nafarroako Txinga Eramate Txapelketetan, emakumezkoetan, Esti Gastearena sunbildarrarekin batera, Garazi Azkoaga, Maika Iraizoz eta Iranzu Fierro aritzekoak ziren eta gizonezkoetan, Orein Mondragon, Imanol Martin eta Josu Elizalde. Motozerrarekin San Fermin Saria jokatzekoa zuten Mikel Lasartek, Juan Asinek eta Amaia Condek. Honen inguruko informazioa bihar emanen du ERRAN.EUSek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun