Enborrak ateratzen ari zen makina harrespilean barrena pasatu zen, arrasto nabarmena utziz.
Pagolletako Gaina izeneko monumentu megalitikoa Interes Kulturaleko Ondasun (BIC) izendatua dago, eta, hortaz, babes kategoria gorena du. Aipatu monumentu megalitikoa egurketariak lanean ari ziren eremutik kanpo egonik ere, hurbil zegoen eta, ageri denez, moztutako enborrak ateratzen ari zen makina aztarnategiaren gainetik pasatu zen, arrasto nabarmena utziz.
Kalteak ikusita, foruzainek handik hurbil mendia ateratzen ari ziren taldeko arduraduna identifikatu zuten, gertakariak argitzeko eta harrespilean zeuden kalteak delitu izan zitezkeela jakinarazteko. Gero, polizien atestatua zegokion epaitegiari jakinarazi zioten, erantzukizun penala argitzeko.
Zigor Kodeak zera dio 323. artikuluan: «Sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi zigorra edo hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaio historia, arte, zientzia, kultura edo monumentu balioa duten ondasunetan edo arkeologia, lehorreko edo urpeko aztarnategietan kalteak eragiten dituenari».