Goiuri Zabaletak eta Erasunek irabazi dute San Fermin esku pilota torneoa

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 14a, 10:00

Zabaleta eta Erasun txapeldun eta Salsamendi eta Mendizabal txapeldunorde, San Fermin torneoaren finalaren ondotik.

Larunbatean Labriten jokatutako final lehiatuan menpean hartu dituzte Salsamendi eta Mendizabal (22-19)

Iruñeko Labrit pilotalekua berriz ere txiki geratu zen larunbatean Emakume Master Cupen eskutik antolatutako San Fermin torneoaren finalean, 300 lagun inguru sartu ezinik geratu baitziren. Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Itsaso Erasunen tenple handiagoak historiako emakumezkoen San Fermin Torneorik luzeeneko txapelak eskuratzeko balio izan zien, Salsamendi-Mendizabali 22-19 irabazita 453 pilotakadako partidan. Publikoak, zutik, lau pilotarien ahalegina eskertu zuen, final gogor eta zirraragarri batean hustu egin zirelako lau protagonistak.

Gainezka egin zuen Labrit pilotalekuak emakumeen finalean ere. 300 lagun sartu ezinik gelditu ziren.

Txapelketako pilotari onena izendatu duten Goiuri Zabaletak eta Itsaso Erasunek gauzak maldan gora izan dituzte Laia Salsamendi oso ausart bat eta Nora Mendizabal sendo bat 14-18 aurreratu eta finalak kolore urdina hartu zuenean, baina bukaeran buelta ematea lortu zuten.
Zabaleta eta Erasun ongi hasi ziren, 4-0 eta 5-1 aurreratu zien, batez ere arerioek egindako opariak aprobetxatuta. Salsamendi presaka antzean hasi zen eta zenbait akats egin zituen lesio larrietatik osatu eta jokatutako bigarren final handian. Hala ere, Izabako pilotariak erremateetan gehiago asmatu ahala, partida nabarmen aldatu zen. Uharteko klubean hazitako pilotaria sakearekin ere min egiten hasi zitzaion pilotalekuan bere lekua topatzea kosta zitzaion Erasuni eta urdinak lehen abantailak hartu zituzten, 8 tanto segidan eginda.

Une horretatik aurrera, publikoak bi aurrelarien erremateekin izugarri gozatu zuen. Salsamendi ausartago aritu zen airea bilatzeko orduan, bereak izan ziren tantorik txalotuenak, baina akats gehiago ere egin zituen. Goiuri Zabaletak, bere aldetik, nahiago izan zuen final praktikoagoa egin eta zuhurrago aritu zen.

Batez ere finalaren azken zatian, Leitzakoak eta Itsaso Erasunek aurkariek baino erabaki hobeak hartu zituzten, nahiz eta emaitza kontrakoa izan. Aurkariak pilotakada bat gehiago ematera behartzea erabaki zuten, askoz sendoago aritu ziren eta Labriteko ikusle ugari eta emanak asebete dituen partida irauli zuten, txapela janzteko (22-19).

Jaialdiko lehen partidan, Etxegaraik eta Nahia Bertiz sunbildarrak 11-18 galdu zuten Ibarrolaren eta Osesen kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!