Utergak eta Barricartek irabazi dute San Fermin erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 14a, 11:00

San Fermin erremonte txapelketa profesionaleko lehen mailako eta promozioko txapeldun eta txapeldun ordeak, antolatzaile eta laguntzaileekin.

Final lehiatuan 35-32 irabazi diete Zeberio II.ari eta Mitxeori eta promozio mailan, tanto bakarragatik irabazi diote Sagasetak eta Ilarregik Iturregiri eta Mikelarenari.

XI. San Fermin erremonte profesionaleko txapelketako finalak jokatu zituzten uztailaren 11n, ortziralean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailako final estuan, Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricartek 35-32 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Dabid Mitxeo doneztebarrari. Promozio mailako finalean, berriz, Iruritako bi aurrelari eta Oizko bi atzelari izan ziren aurrez aurre. Final nagusia baino oraindik parekatuagoa izan zen promozio mailakoa eta Jon Sagasetak eta debut ezin hobea egin duen Xuban Ilarregik 35-34 irabazi zieten Xuban Iturregiri eta Mikel Mikelarenari.

Bi partida handi ikusi ziren Labriten eta besta giro bikaina izan zen, Goxo txarangaren laguntzarekin. Promozio mailakoa ezin berdinduagoa izan zela erratea ez da gehiegizkoa, guztira hogeita bat berdinketa izan baitziren. Alderik handiena gorriek, Iturregik eta Mikelarenak, izan zuten hasieran lau tantokoa (7-3, 8-4 eta 9-5). Baina Sagasetak eta Ilarregik bederatzina berdindu ondotik, eta bukaera arte, alderik handiena bi tantokoa bertzerik ez zen izan. 34-33 izan ziren Iturregi eta Mikelarena, baina azken bi tantoak Sagasetak eta Ilarregik egin eta txapela lortu zuten.

Iruritako bi aurrelari eta Oizko bi atzelari aurrez aurre izan ziren promozio mailako finalean.

Final nagusia ere aski berdindua izan zen. Lehen tantoa Zeberiok eta Mitxeok egin baldin bazuten ere, lehen erdian gehienetan aitzinetik izan ziren Uterga eta Barricart, baita sei tantoko aldearekin ere (8-14). Baina hamabosna berdindu ondotik, Zeberio eta Mitxeo izan ziren laguntzen hasi zirenak eta lau tantoko aldeak ere lortu zituzten (25-21, 26-22, 27-23, 29-25). Baina Utergak eta Barricartek 31na berdintzea lortu zuten, baita 32na ere eta azken hiru tantoak eginez, azkena, Utergaren horma biko dotore bat, txapela jantzi zuten. Aipagarria da Utergak 26 tanto egin zituela, Zeberiok 15, Mitxeok 7 eta Barricartek 6.


Xanti Utergak 26 tanto egin zituen ortziraleko final handian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!