Goiener Elkarteak hirugarren urtez segidan antolatu du Udanbizi txirrindulari bira, aurten Iparraldeko I-ener herritar sozietatearekin batera eta Nafarkoop kooperatibaren laguntzarekin. Lehenbiziko edizioa Nafarroan barna egin zuten, eta bigarrena Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. Bizikletak hartuta berriztagarrien inguruko proiektu herritar eta eraldatzaileak bisitatu izan dituzte aitzineko bi edizioetan. Eta horrekin batera, megaproiektuek sortzen dituzten albo ondorioak ere ezagutzeko probestu izan dute, baita energiarekin zeharka zerikusia duten bertze hainbat proiektu sozialago batzuk ere.
Intentzio berarekin antolatu dute aurtengo edizioa ere. Goienerrek esplikatu duenez, «Udanbizi aukera bat da oporrak modu jasangarriago batean lagunen artean pasatzeaz gain, aztarna ekologiko handiagoko bidaiak ekidin eta gurean lurra eta burujabetzaren aldeko ekimenak ezagutzeko».
Irunen hasi eta Berak akituko dute buelta. Eta bidean, Bidasoa Etorkinekin taldekoak bisitatuko dituzte Hendaian, I-enerren instalazio bat, Euskal Moneta proiektuaren inguruko solasaldi bat izanen dute, baita Lurzaindiako bertze bat ere. Sugarai biomasaren inguruko kooperatibaren instalaziora joanen dira, eta egun berean, Oihan Baratzea proiektua ezagutuko dute. Garaziko zentral hidroelektrikora ere joanen dira, eta Amaiurko gazteluaren bueltan herritarrek egindako auzolana ikusiko dute. Azkenik, Aroztegia eta Erdiz Biziriken kasuak aztertuko dituzte, eta bukatzeko, BixtuBera energia kooperatibakoekin bilduko dira. Solasaldi guziak euskaraz izanen dira.
Etapak
- Uztailak 14, astelehena: Irun-Sara (33 km)
Bisita-solasaldiak: Bidasoa Etorkinekin eta I-ener bisita.
Propina, itzulia: Sara-Sara (22 km). - Uztailak 15, asteartea: Sara-Itsasu (44 km).
Bisita-solasaldiak: Ustaritzen Euskal Moneta; Itsasun Lurzaindia eta Errobiko Festibala. - Uztailak 16, asteazkena: Itsasu-Behorlegi (Hergarai) (54 km)
Bisita-solasaldiak: Behorlegiko Oihan baratzea eta Mendibeko Sugarai kooperatiba. - Uztailak 17, ortzeguna: Behorlegi-Elizondo (52 km)
Bisita-solasaldiak: Donibane Garaziko zentral hidroelektrikoa eta Amaiurko gaztelua. - Uztailak 18, ortziralea: Elizondo-Bera (61,4 km)
Bisita-solasaldiak: Baztanen Aroztegia eta Erdiz Bizirik; Berako BixtuBera kooperatiba eta azken afaria.
Izen ematea
Udanbizi parte hartzeko galdetegi hau bete behar da eta 85 euro ordaindu. Horren barrenean, hamaiketakoa, afariak, lo egiteko lekuak, solasaldiak, bisitak… sartuko dira. Parte hartzaileak lekuak agortu bitarte onartuko dituzte, gehienez 20 txirrindulari.