Arkupeak elkarteak Costa Bravara bidaia antolatu du irailean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 11

Arkupeak elkarteko bazkideak iaz La Palmara egindako irteeran.

Ez dira etxean geldirik egotekoak Arkupeak elkarteko bazkideak. Udako oporraldiaren ondotik, irailerako irteera antolatu dute Costa Bravara, eta interesatuek heldu den aste hasieran egin beharko dute izen ematea. 

Bidaia bi txandatan eginen dute. Baztango eta Bortzirietako bazkideak irailaren 15etik 21era joanen dira eta Malerrekakoak eta Leitzaldekoak, berriz, irailaren 22tik 28ra. 

Kataluniako hainbat txoko bisitatzeko aukera izanen dute bidaian eta egunez egun hau izanen da programa: 

  • 1. eguna: Donezteben autobusa hartu eta Sant Sadurni D'Anoiara joanen dira Freixenet upategia ikustera. Handik, Costa Bravara joan eta bertan hartuko dute ostatu. 
  • 2. eguna: Ribes de Freserren trena hartu eta Nuriako tontorrera joanen dira. Arratsaldean Ripoll bisitatuko dute. 
  • 3. eguna: Tossa de Mar herrian egun librea. 
  • 4. eguna: Bartzelonara joanen dira, eta bisita gidatua eginen dute. 
  • 5. eguna: Castellfollit de la Roca, Besalú eta Banyoles herriak bisitatutko dituzte. 
  • 6. eguna: Figueres eta Rosas herriak ikusiko dituzte, eta itsas bidaian Cadaquésera joanen dira. 
  • 7. eguna: Montserrateko santutegia ikusi eta arratsaldean Doneztebera buelta.

Tossa de Marren hartuko dute ostatu eta binakako logelak 795 euroko prezioa du pertsonako. Banakako logelak, aldiz, 940 eurokoa. 

Izen ematea heldu den astelehenean eta asteartean, uztailaren 14an eta 15ean egin beharko da bulegora deituz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun