Nafarroako Gobernuak TTIPI-TTAPAren eskualdean dituen estazio meteorologikoetako datuei erreparatuz, herrien arabera, ekainaren 20an, 24an eta 30ean eta uztailaren 1ean egin zuen berorik handiena. Horien artean tenperaturarik altuena ekainaren 30ean Iruritan bildu zuten: 37,3 gradu. Zerrendan hurrengoak Doneztebe (36,5 gradu) eta Bertiz (36 gradu) izan ziren, eta Goizueta (35,9 gradu), Arizkun (35,5 gradu) eta Lesaka (35,4 gradu) ez ziren urruti ibili.
Tenperatura hotzenak, berriz, Gorramendin, 1.170 metrotan neurtu zituzten ekainaren 4an: 6,2 gradu. Horren ondotik, Goizuetan (10,4 gradu) eta Lesakako Astazelaietan (10,7 gradu) jaitsi ziren tenperaturak gehien.
Prezipitazioari dagokionez, egun guttitan egin zuen euria ekainean, baina horietan, gogotik egin zuen. Herri gehienetan ekainaren 13a izan zen euritsuena, eta bereziki Aranoko kasua deigarria da. Egun horretan, metro koadroko 87 litro bildu zituzten. Euskal Herriko hainbat tokitan euri zaparrada handiak izan ziren egun horretan, Gipuzkoan Tolosaldean eta Goierrin, adibidez, eta kalteak nabarmenak izan ziren. Aranotik hurbil, Añarben, konparazio batera, 79 litro bildu zituzten.
Haizeari dagokionez, berriz, Gorramendin neurtu zituzten Nafarroa osoko estazio meteorologiko guzietako haize boladarik handienak ekainean: 111 km/h-koak, hilaren 11n.