Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa eta jaialdi jokoan izanen dituzte egunotan Iruñean

Ttipi-Ttapa 2025eko uztailaren 7a

Nerea Sorondo beratarrak irabazi zuen iaz Nafarroako aizkolari txapelketa. Aurten uztailaren 11n jokatuko den txapelketan ere ariko da Maika Ariztegi, Xanta Sousa, Beatriz Tanco eta Uxue Ansorregirekin batera.

Urtero bezala, Iruñeko Foruen Plazan Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako hainbat txapelketa eta bertze zenbait jaialdi eginen dituzte uztailaren 8tik 14ra. Saio guziak 12:00etan hasiko dira.

Sanferminetako egitarauaren barrenean, uztailaren 8tik 14ra, egunero izanen dira txapelketak eta erakustaldiak Foruen Plazan, 12:00etan hasita.

Uztailaren 8an Nafarroako rpana txapelketak jokatuko dituzte. Gizonezkoetan, Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak eta, beraiekin batera, Josetxo eta Iñaki Barberena anaiak eta Jon Etxeberria eta Aritz Legarrea ariko dira . Emakumeetan ez da eskualdeko kirolaririk izanen: Irune Biurrun-June Etxeberria, Ainhoa Zabaltza-Maddi Braxo, Uxue Ansorregi-Aurkene Aroca eta Ainhoa Iraizoz-Maria Iraizoz ariko dira. Txapelkeyaz kanpo, emakumezkoen harrijasotze torneoan ariko dira Ane Zestau, Isabel Vives, Maika Iraizoz eta Alba Zubiria.

Uztailaren 9an Nafarroako gizonezkoen hirugarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatuko dute hamaika aizkolarik, tartean Mikel Santesteban zubietarrak, Julen Urrutia arraioztarrak eta Xabier Mitxelena iruritarrak.  Beraiekin batera, Iker Goldarazena, Markel Iturralde, Ioan Goikoetxea, Beñat Senosain, Ander Etxeberria, Urko Erize, Eñaut Oiarbide eta Unai Valverde ariko dira. Ingude txapelketak ere jokatuko dituzte. Gizonezkoetan, iaz txapeldun izan zen Dario Tranche (Elizondo), Josetxo Urrutia (Leitza), Aleix Pedrosa (Bera) eta Alex Fernandez ariko dira eta emakumezkoetan Maika Ariztegi (Ituren) eta Leire Arraztoa (Irurita) eskualdeko kirolariekin batera, Maika Iraizoz, Iranzu Fierro, Leire Etxeberria eta Irene Biurrun ariko dira.

Uztailaren 10ean gaztetxoen arpana txapelketan Danel Urtxegi eta Xuban Magaña igantziarrak eta Eider Urrutia eta Oier Migeltorena baztandarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak. Alebin, infantil eta kadete mailako proba konbinatu erakustaldian ere eskualdeko hainbat kirolari izanen dira.

Uztailaren 11ko emakumeen aizkolari txapelketan Nerea Sorondo (Bera), Maika Ariztegi (Ituren) eta Xanta Sousa (Lesaka) ariko dira, baita Beatriz Tanco eta Uxue Ansorregi ere. Harri jasotze txapelketan Josetxo Urrutia leitzarra ariko da, Oskar Aguas, Albaro Zugarrondo eta Iñigo Gonzalezekin batera..

Uztailaren 12ko giza proba erakustaldian izanen dira Unai Bertiz eta Esti Gastearena sunbildarra, Julen Kañamares eta Uxue Ansorregirekin batera. Sokatira 4x4 torneoan Beti Gazte, Antsoain, Araxes eta Berriozar lehiatuko dira eta emakumezkoen aizkora erakustaldian, Nerea Sorondo-Bea Tanco eta Maika Ariztegi-Xanta Sousa ariko dira.

Uztailaren 13an, gizonezkoen bikotekako aizkolari txapelketa jokatuko dute, Jon Rekondo leitzarrak Iker Vicente izanen du bikote eta Zigako Joxean Etxeberriak, Eneko Saralegi eta Arribeko Ibai Soroa eta Txomin Amundarain. Gurdi altxatze txapelketan Unai Bertiz sunbildarra ariko da, Alex Fernandez, Albaro Zugarrondo eta Oskar Aguasekin btera eta Estefi Etxebeste iturendarrak harri altxatze erakustaldia eginen du.

Uztailaren 14an Nafarroako txinga eramate txapelketak jokatuko dituzte. Emakumezkoetan, Esti Gastearena sunbildarrarekin batera, Garazi Azkoaga, Maika Iraizoz eta Iranzu Fierro ariko dira eta gizonezkoetan, Orein Mondragon,Imanol Martin eta Josu Elizalde. Motozerrarekin San Fermin Saria jokatuko dute Mikel Lasartek, Juan Asinek eta Amaia Condek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun