III. Jai Alai Summer Season erremonte txapelketa aldaketekin dator Galarretara

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 3a, 18:00

III. Jai Alai Summer Season eta bigarren mailako Oriamendi erremonte txapelketetan parte hartuko duten erremontistetako batzuk (tartean Zubiri eta Apezetxea goizuetarrak), Donostiako Miramar jauregiko aurkezpenean.

Jai Alai Summer Season txapelketaren hirugarren edizioa aurkeztu zuten asteazkenean Donostiako Miramar Jauregian. Txapelketa hau lehiaketa formatuetan berritzeko asmoarekin sortu zen eta aurten ere berrikuntzak mantenduko ditu. Jokalariek euren ohiko posizioetatik kanpo jokatuko dute eta bikote berriak osatuko dira. Postu aldaketak ere izanen dira eta, erraterako, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra atzelari ariko da lehen aldiz, Barrenetxea IV.a aurrelari duela. Aritz Juanenea saldiastarra atzelari ariko, Aldabe aurrelariarekin.

Txapelketa uztailaren 10ean, ortzegunean, hasiko da Galarretan. Txapelketa hasiko duten bikoteak hauek dira: Barrenetxea IV.a-Ezkurra II.a, Azpiroz-Ansa II.a, Segurola-Larrañaga eta Aldabe-Juanenea. Bi bikoteetan postuak lekuz aldatzen dira eta ohiko aurrelariek atzelari gisa jokatuko dute eta atzelariek aurrelari gisa. Honela Barrenetxeak aitzinean jokatuko du eta Ezkurrak atzelari. Azpirozek ere aitzinean jokatuko du eta Ansak gibelean. Bertze bi bikoteetan postuak mantenduko dituzte.
Bortz jardunaldi jokatuko dira eta azkenekoan finala jokatuko da. Uztailaren 10, 12, 17 eta 19an jokatuko dira ligaxkako partiduak eta 26an finala.

Lau bikotez osaturiko txapelketaren lehen fasean, denek denen aurka jokatu beharko dute. Lehenengo eta bigarren postuetan gelditzen diren bikoteek jokatuko dute uztailaren 26ko finala.

 

Bigarren mailako Oriamendi Erremonte Txapelketa jokatuko da lehenengo aldiz

Bertzetik, Miramar Jauregian egin zen aurkezpenean bigarren mailako Oriamendi Erremonte Txapelketa 2025 aurkeztu zen. Lehenengo aldiz jokatuko da eta bigarren mailako erremontistentzako antolatu da. Erremontari txapelketaren ondorioz denbora egon dira jokatu gabe Galarretan eta berriz ere itzuliko dira frontoira hiru hilabete iraungo duen txapelketan. Uztailaren 10ean hasiko da eta irailaren 27an, buruz burukoarekin batera, jokatuko da finala. Ondorengo bikoteek jokatuko dute txapelketa: Susperregi eta Aritz Zubiri goizuetarra, Aiestaran VII.a eta Martirena, Gurrutxaga eta Oier Apezetxea goizuetarra, Goikoetxea V.a eta Aiestaran VI.a eta Aimar Jabalera doneztebarra eta Eskudero.

Sagardoaren Txapelketan erabili den formatu berdina izanen du. Bortz bikotek osatuko dute txapelketa eta lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. 10 jardunaldi izanen dituzte horretarako: Uztailaren 10a, 12a, 17a, 19a eta 26a, abuztuaren 9a, 16a, 23a eta 30a eta irailaren 6a.

Hirugarren eta laugarren postuetan gelditzen diren bikoteek jokatuko dute beraien arteko playoff partida bat. Bigarren geratzen dena, finalaurrekora sailkatuko da eta playoff-a irabazten duenaren aurka jokatuko du finalerdia. Ligaxkako lehenengo sailkatuak zuzenean finalerako txartela lortuko du eta bertan finalerdietako irabazlea izanen du aurrez aurre.

Playoffa irailaren 13an jokatuko da, finalerdia irailaren 20an eta finala irailaren 27an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun