Aurten ere Oporrak Bakean programarekin bat egin du Saharaztan Saharako herriaren aldeko Baztan-Bidasoko elkartasun elkarteak eta horri esker, Saharako basamortuan edo errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren haurrek uda eskualdean pasatzeko aukera izanen dute, bakean, mediku arreta hartuz eta ongi elikatuz.
Uda honetan, Saharako hamaika haurrek hartuko dute aterpe eskualdeko familietan; zehazki, Baztanera, Bertizaranara eta Malerrekara hurbilduko dira: bina haurrek Erratzun, Elizondon eta Iturenen eginen dute egonaldia eta gainerakoak Iruritara, Zigara, Narbartera, Donamariara eta Sunbillara joanen dira. Ortzirale honetan, uztailaren 4an, ailegatuko dira eta abuztuaren 29an bueltatuko dira.
Urte osoan auzolanean
2007an sortu zuten Saharaztan elkartea, aitzinetik Baztan-Bidasoko eta Leitzako hainbat herritar Sahararen alde lanean aritu ondotik. Geroztik Oporrak Bakean programa izan da elkartearen proiekturik nagusiena. Baina ez bakarra, urte osoan aritzen baitira Sahararen alde auzolanean. Hala, urtero Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan laguntzen aritzen den elkarte bat diruz laguntzen dute.
Arantxa Gamio Saharaztan elkarteko kideak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, joan den urtean ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartera bideratu zuten dirulaguntza, «udazkenean izandako uholdeek eragindako kalteak konpontzen laguntzeko». Aitzineko urtean, berriz, Saharako Kabiak elkarteari eman zioten dirulaguntza, «errefuxiatuen eremuetako liburutegi zerbitzua osatzen eta mantentzen segitzeko». Ur deposituak ere erosi izan dizkiete, baita produktu bilketak egin ere, eta elkarretaratzeak eta sentsibilizazio ekintzak ere egiten dituzte. Elizondoko ferietan egiten duten tonbola izaten dute diru iturri nagusia. Gainerakoan, «familia bakoitzak harrera egin dion haurrarekin eta haien familiarekin urte osoan mantentzen dugu harremana».
Elkartasun keinuak
Eskualdeko ikastetxeengandik hartu dituzten elkartasun keinuak ere txalotu ditu Saharaztanek. Batetik, Lekaroz institutuko 2. Batxilergoko ikasle batzuek webgunea egin diote elkarteari eta bertzetik Urdazubi, Zugarramurdi, Irurita, Arraioz eta Azpilkuetako zenbait ikaslek gosari solidarioa antolatu eta ateratako dirua elkartera bideratu dute: «Borondatez egindako egitasmo hauei esker, gure elkarteak Interneten ikusgarritasuna handitu du eta gure elkartearendako gastu handiena suposatzen duen egitasmoa diruz babestu dute, udako haurren hegaldi gastua, alegia».
Oporrak Bakean programa
Bertzalde, urteotan harrera familien kopuruak beheiti egin duela kontatu du Gamiok. «Koronabirusaren garaia baino lehen, Oporrak Bakean programarekin urtero hogei bat haur etortzen ziren Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako familietara. Bi urtez, taldean harrera eginez, Bakeleku udalekuak ere antolatu zituzten Elizondoko Lanbide Eskolan».
Pandemia tarteko, ordea, alde batera gelditu zen programa, eta bi urteko geldialdiaren ondotik, 2022ko udan berrartu zuten Oporrak Bakean: «Aunitz kosta zen programa berriz martxan paratzea», onartu du Saharaztaneko kideak. Hala ere, poliki-poliki ari dira: «Hiru haurrekin hasi ginen eta aurten hamaika izanen dira. Baina ez zaigu iruditzen garai bateko kopuruetara ailegatuko garenik, herritarren artean harrera familia izateko interes guti dagoelako». Edozein moduz, harrera familia izan edo ez, «udan Saharako neska-mutikoak gure plazetan, igerilekuetan eta bestetan ibiliko direla probestuz, haiekin disfrutatzeko» gonbita egin du Gamiok.
50 urteko gatazka
1975eko azaroan hasi zen gatazka Saharan, Marokok Mugimendu Berdea izenez ezagutzen dena antolatuta, indarrez Saharan sartu zenean. Marokoren okupazioaren ondotik, saharar aunitzek Aljeriako basamortuko Tinduf eremuan hartu zuten babes, errefuxiatuen kanpamentuetan. Bertze batzuk sorterrian gelditu ziren, Marokoren menpe Sahara okupatuan eta bertze batzuk Fronte Polisarioak [Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundea] liberatutako lurraldean bizi dira.
Hala, Saharako egoera bistaratzen segitzeko beharra azpimarratu du Gamiok: «Munduan gatazka aunitz daude, eta Saharakoak 50 urte eginen ditu aurten. Isildutako gatazketako bat da, baina guk ttikitasunetik gure inguruan gauza xumeak eginez, lanean segituko dugu, Saharako errefuxiatuen errealitatea atzendu ez dezagun».