Udazkenean eginen dute 48. Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkapen saioak jokatuta, 24 izanen dira Auritzen abiatuko den ibilbidean. Lehen fasean lau saio izanen dira: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Azken horretan lehendabizikoz jokatuko dute txapelketako saio bat.
Saio horietan kantatzen dutenetatik 18k eginen dute aitzinera, finalaurrekoetara. Fase horretan hiru saio izanen dira Agoitzen, Leitzan eta Tafallan eta horietako zortzi bertsolari izango dira finalera sailkatuko direnak. Finala Nafarroa Arenan jokatuko dute.
Hauek dira saioen datak eta lekuak:
- Urriak 4, Auritz - Auritzeko Kultur Etxea. (Lehen fasea)
- Urriak 11, Mutiloa – Arangurengo Kultur Etxea. (Lehen fasea)
- Urriak 18, Irurita – Gizarte Bilgunea. (Lehen fasea)
- Urriak 26, Los Arcos – Kultur Etxea. (Lehen fasea)
- Azaroak 1, Agoitz – Agoitzeko Kultur Etxea. (Finalaurrekoa)
- Azaroak 8, Leitza – Leitzako Herri Aretoa. (Finalaurrekoa)
- Azaroak 16, Tafalla – Tafallako Kulturgunea. (Finalaurrekoa)
- Azaroak 29, Iruñea – Nafarroako Arena. (Finala)
Finala Nafarroa Arenan izango da lehendabizikoz. Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. «Urtez urte txapelketak kalitate hobea eskaintzen du eta geroz eta ikusle gehiago hurbiltzen da. Horregatik emango dugu urrats kualitatibo eta kuantitatibo hau».