Badira gure gizartean zenbait kontu gizakiontzat egiazki lotsagarri direnak. Lotsa, tristura sakona eta etsipena sortarazten duten kontuak dira. Negu hauetan, urrunago joan gabe, bertze herrialde batzuetatik etorritako pertsonak karrikan hotzez eta eri ikusi ditugu; politikaren industriako profesionalek ez dute inolako lotsarik sentitzen, ez euren buruaz, ez bertzerenaz. Bitartean, etxebizitzaren arazoa gutieneko antropologiko existentzial bat balitz bezala kontatzen diguten diskurtso politiko eta mediatikoen moral bikoitza aditzen segitzen dugu; etxegabetze zikin eta ustelek ez dute etenik. Ez dugu ikusten etxebizitza kontseilaria karrikan, lehen bezala. Hori bai, isildu gabe solas egiten dute «eskubideez». Eskubideen kontu horrek badu mamia, nonahi, bizitzako arlo guztietan ageri baita, eta, hala ere, badirudi dena arauak bete edo ez dela kontua, segun eta arau horiek kalte egiten eta mugatzen gaituzten edo onuragarri eta babesten gaituzten; bada, horietatik ere, diotenez, izan badaude.
Konparaziora, ezezaguna den arreta espezializatuko bermeen legea, hainbertze itxaron zerrenda egonik ikusezin bihurtu dena, edo, okerrena, nahita ikusezin egin dutena. Errenta Bermatua, lotsaren errenta letra larriz, batez ere langile sektore prekarizatuentzat, zeinek nahiz eta gizarte zerbitzuen inguruan sortutako burokrazia zabala ikusten duten, arduragabe batzuk «langileak falta ditugu» dioen ideia sartu nahi dute. Bermatuta, ironia lotsagarria; interesak bai bermatuak bankuentzat. Ustelkeriaren lotsagabekeria ikuskizun mediatiko eta normalizatu bihurtzeraino, hainbertzeraino non batzuek alderdi bateko hautagaiei kontzienteki bozkatzen jarraituko bailukete beren praktika immoralen jakitun, azken orduko inkestaren batean agertu den bezala: «ebasten du, baina gauzak egiten ditu», edo, «atsegin dut». Lotsagarria da ikustea nola han eta hemen
VOXen faxismoa babesten segitzen duten haren kontra manifestatzen direnak erreprimituz.
Baina azkenaldian bizitzen ari garen gauzarik tristeena, ankerrena eta lotsagarriena Palestinako sarraskia da. Genozidioa. Haurrak, xaharrak, osasun langileak… berdin dio, dena dela palestinarra izanda, sarraskia. Europako gobernuen axolagabekeria eta hipokrisia, PSOEk Hagan NATO erakunde biolentoari egindako sinadura eta bere aurpegia garbitzeko estrategia mediatikoa, Espainiak eta bertze herrialde batzuek armak saltzea giza printzipio mota guztiak urratzen dituen estatu bati, nazioarteko erakunde entzutetsuek egiaztatu eta salatutako genozidio batetik irabaziak ateratzen dituzten enpresen lotsaren lotsa; BOOKING bezalako bidaia enpresak, CAF bezalako tren ekoizleak, TEVA bezalako sendagaiak edo CARREFOUR bezalako supermerkatuak. Noizko Nurembergeko epaiketa berri bat?
Ematen du jada ez dagoela lotsarik, gizatasunaren zentzurik. Nazkagarria da. Azkenean, ohitu egin behar duzula pentsa dezakezu; hori da okerrena. Injustizia berdin zaigula. Axolagabekeriak min ematen du. Egunetik egunera, begiak irekitzen ditugu, gertatzen dena gehiago eta hobeki sentitzen dugu. Mainstreametik eta masa akritikoaren sortzaileetatik ihesi, sareen eta bertze hedabide batzuen bidez informatzen gara. Bertze lotsa bat: komunikabideak. Zalantzarik gabe, aurre egiten eta lotsa sentitzen segitu behar da.
Bitor Abarzuza Fontellas