Espainiako federazio arteko eskola adineko pilota txapelketa irabazi du Nafarroak

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 30a

Eskuz aritu zen Nafarroako ordezkaritza Valladoliden. Sailkapen orokorrean eta kategoria guztietan txapeldun izan zen Nafarroa.

Eskola adinean dauden pilotarien artean Espainiako federazio arteko pilota txapelketa jokatu dute asteburu honetan Iscar herrian (Valladolid). Sailkapen orokorrean Nafarroa izan da txapeldun. Esku pilotan, eskualdeko pilotari aunitz joan ziren eta guztiak urrezko dominarekin bueltatu dira.

Eskualdeko esku pilotari guztiak urrezko dominarekin bueltatu dira Valladolidetik

Eskuz binaka, infantil mailako mutikoetan, Oihan Braña iruritarra, Erik Igoa etxalartarra eta Mikel Iñarrea izan dira Nafarroako pilotariak. Lehen jardunaldian Brañak eta Igoak 2-0 (8-2 eta 8-3) irabazi zieten Aragoiko Colasi eta Conderi. Bigarren jardunaldian, Iñarreak eta Igoak 2-0 (8-4 eta 8-1) irabazi zieten Kataluniako Ibañezi eta Irazolari. Finalerdietan, Brañak eta Iñarreak 2-0 (8-2 eta 8-2) irabazi zieten Euskadiko Biani eta Zannoutiri eta finalean, Brañak eta Igoak 2-0 (8-5 eta 8-1) irabazi zieten Gaztela eta Leongo Vicenteri eta Hernandezi.

Braña, Igoa eta Iñarrea txapeldun infantil mailan.

Eskuz binaka, infantil mailako nesketan, Joana Iratzoki igantziarra, Alize Sagardui goizuetarra eta Uxue Gomez aritu ziren Nafarroako ordezkari. Lehen jardunadian, Gomezek eta Iratzokik 2-0 (8-1 eta 8-2) irabazi zieten Kataluniako Rodriguezi eta Badjieri. Bigarren jardunaldian, Sagarduik eta Iratzokik 2-0 (8-4 eta 8-2) irabazi zieten Errioxako Manerori eta Fernandezi. Finalean, Sagarduik eta Iratzokik 2-0 (8-2 eta 8-1) irabazi zieten Errioxako Maneriri eta Valgañoni.

Alize Sagardui goizuetarra, Joana Iratzoki igantziarra eta Uxue Gomez, txapeldun infantil mailan.

Eskuz binaka, kadete mailako mutiletan, Iker Anzizar doneztebarra, Julen Bengoetxea eta Abraham Antimasberez izan ziren Nafarroako pilotariak. Lehen jardunaldian, Bengoetxeak eta Anzizarrek 2-0 (10-3 eta 10-4) irabazi zieten Kataluniako Vegari eta Martinezi. Bigarren jardunaldian, Antimasberesek eta Compainsek 2-0 (10-2 eta 10-5) irabazi zieten Euskadiko Murgiari eta Arroyori. Finalean, Antimasberesek eta Anzizarrek 2-0 (10-9 eta 10-3) irabazi zieten Errioxako Tuestari eta Ruizi.

Iker Anzizar doneztebarra, eskuinean, podiumeko goitiko koxkan.

Eskuz binaka, kadete mailako nesketan, Iraide Iriarte eta Nahia Bertiz sunbildarrak eta Maria Crespo izan ziren Nafarroako pilotariak. Lehen jardunaldian, Iriartek eta Crespok 2-0 (10-8 eta 10-2) irabazi zieten Kataluniako Paxi eta Leoni. Bigarren jardunaldian, Iriarte eta Bertiz sunbildarrek 2-0 (10-6 eta 10-6) irabazi zieten Euskadiko Fernandez de Barrenari eta Ugalderi. Hirugarren jardunaldian, Iriartek eta Crespok 2-0 (10-2 eta 10-2) irabazi zieten Gaztela eta Leongo Castillori eta Pequeri. Finalean ere Sunbillako bikotea aritu zen Nafarroako ordezkari eta Iriartek eta Bertizek 2-0 (10-4 eta 10-4) irabazi zieten Euskadiko Fernandez de Barrenari eta Ugalderi.

Kadete mailako neskak ere txapeldun izan ziren, tartean Iraide Iriarte eta Nahia Bertiz sunbildarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun