Doneztebe eta Irurtzunen arteko finalerdietako lehian, Malerrekakoek abantaila hartua zuten, joan den asteazkenean jokatutako kadete mailako partidan Fagoagak eta Anzizarrek 22-11 irabazi baitzioten Irurtzungo bikoteari. Bertze bi partidak, jubenil eta senior mailakoak, larunbat jokatu zituzten eta hauetan, aldiz, galdu egin zuten Doneztebeko bikoteek. Jubenil mailan, Doneztebeko Eskudero eta Oiaregik 3-22 galdu zuten Irurtzungo Huarteren eta Razkinen kontra.
Senior mailan, azkenik, Doneztebeko Elizaldek eta Santestebanek 19-22 galdu zuten Irurtzungo Azpirozen eta Ongayren kontra. Partida lehiatua izan zuten eta finalerako txartela ez zuen urruti izan Doneztebeko bikoteak, baina azkenean Irurtzungoa nagusitu zen.
Leitza eta Lizarraren arteko finalerdiko hiru partidak, berriz, larunbat arratsaldean jokatu zituzten eta hiruetan Leitzako bikoteak gailendu ziren.
Kadete mailan, Leitzako Baleztenak eta Zubillagak 22-12 irabazi zieten Lizarrako Fernandez eta Pascuali.
Jubenil mailan, Leitzako Sagastibeltzak eta Alkortak 22-19 irabazi zieten Ganuzari eta Sainzi.
Finalerako txartela eskutan, senior mailan ere garaile suertatu ziren Leitzako Txoperena eta Goikoetxea, Lizarrako Garini eta Plazari 22-10 irabazita.
Aipatu bezala, Nafarroako herriarteko pilota txapelketa nagusiko finala uztailaren 13an jokatuko dute Leitzak eta Irurtzunek. Herriarteko ttikiko finala, berriz, Berak eta Ultzamak jokatuko dute uztailaren 5ean.