120.000 eurotik gorako zorrak dituzten pertsonak eta enpresak dira zerrendan ageri direnak eta zor kopurua 2024ko abenduaren 31ri dagokio. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerrenda argitaratu aitzinetik, zordun guztiei jakinarazi zien zerrendan agertuko zirela eta zor osoa kitatzeko aukera zutela zerrenda horretan ez agertzeko.
Dena den, Nafarroako Ogasunak aurten argitaratu duen zerrendak iazkoak baino 11 zordun gehiago ditu, eta zorraren zenbateko osoa 2,8 milioi euro gehitu da 2023ko kopuruarekin alderatuz gero. Izan ere, 2023ko zerrendan agertzen ez ziren 42 zordun berri daude 2023ko zerrendan eta 31 baja izan dira hainbat arrazoirengatik, hala nola hartzekodunen konkurtsoa bukatzeagatik, zorra 120.000 euro baino gutiagora jausteagatik edo zorraren ordainketa epea luzatzeagatik.
Eskualdeko dozena bat enpresa daude zerrendan, horietako batzuk itxita eta likidazioan daudenak.
Zordunen zerrendan ageri diren 664 pertsona edo enpresen artean, dozena bat eskualdekoak dira. Horien artean, aipagarrienak Lesakako Ayala Instalaciones Eléctricas SL (477.379,10 euroko zorra), Goizuetako Apezetxea Anaiak SL (472.882,62 eurokoa), Leitzako Construcciones y Obras Pagozelay SL (278.858,69 eurokoa), Goizueta-Lekunberriko Maderas Arraetxe SLk (264.547,93 eurokoa) eta Explotaciones Forestales Zumardi SL (251.480,99 eurokoa).
Gainerakoan, 120.000 eta 200.000 euroko zorra dutenen artean daude Elizondoko Construcciones Baztangoiza SL 178.927,14 euroko zorrarekin, Berako Bera Rubber's SLk 171.621,62 eurokoa eta Egoki Leitzakoa SCL enpresak 150.156,45 euro, Elizondoko Construcciones Arraiotz SL 134.940,42 euro, Xaretako Urtxola Jatetxea SL 136.495,43 euro eta Doneztebeko Enbor SL 121.953,94 eurorekin.
Iazko datuekin konparatuz, zordunen zerrendatik desagertu dira Doneztebeko Aparan SL eta Maderas Zabala SA.
Nafarroa osoko datuei begiratuz, sektoreka, eraikuntza sektorekoak (219 zordun) eta ostalaritzakoak (147) dira Nafarroako Foru Ogasunarekin zor handiena dutenak.
Ordaindu ez diren zergen artean, BEZa da lehena (105,1 milioi euro). Haren ondotik datoz isunak eta zigorrak (60,3 milioi) eta atzerapen espedienteak (50,3 milioi euro).