Musika maite dute, eta ezaguna dute mundu hori. Musika eskolan ibili ziren hasmentan, eta oholtzetan ibili dira gerora, batzuetan elkarrekin eta bertzeetan bakoitza bere bidean. Aspalditik ezagutzen dute elkar eta berriki, Bisai musika taldearen bueltan elkartu dira. Ion Mayordomo Sobrino elizondoarra taldeko gitarrista eta kantaria da, Unai Urroz Gelbentzu doneztebarra bateria jotzailea eta Joseba Aleman Irigoien amaiurtarra baxu jotzailea. Joan den urte hasmentan sortu zuten Bisai taldea, eta urte bat eta erdiko epean, hainbat entsegu egin eta kontzertu eman ondotik, lehendabiziko diskoa argitaratu berri dute: Hemen naiz. Hamaika kantako lana da eta horretaz eta egindako bideaz mintzatu da Mayordomo taldekidea.
Musika mundua ez da arrotza zuendako...
Ez... Hirurak musika eskolan ibilitakoak gara. Musika tresna aukeratzerakoan, Urrozek bateria hartu zuen eta Aleman eta biok saxofoiarekin hasi ginen. Ondotik, gitarra ikasi genuen eta gerora musika taldeetan aritu gara. Urroz eta biok, konparazione, Pleura taldean ibili ginen, eta Urroz, lehenagotik Estu ta Larri eta Sutan taldeetan aritu zen. Gaur egun, Kurkuma taldean ere jotzen du. Aleman, berriz, Erru Gabe taldean gitarra jotzen ibili zen, baina bazituen hamabi urte talde batean musika jo gabe.
Nolatan sortu zenuten taldea?
Pleura taldea utzi ondotik, kantak sortzen segitu nuen eta talde bat osatzea proposatu nuenerako Urroz hor zegoen. Erraten ahal da elkarrekin hasi genuela Bisai taldea, eta Aleman ere segidan sartu zen. 2024ko urtarrilean hasi ginen eta otsailean Aleman barnean zegoen.
Zergatik Bisai?
Izena ongi pentsatu beharrekoa izaten da. Pleura taldearekin ederki ikasi genuen hori: Youtuben Pleura paratu eta birikak agertzen ziren. Komertzialki ez genuen arras asmatu marketinarekin. Eta kasu honetan, taldearen izena erabakitzerakoan, izen pila bat bota genituen, eta lagun batek proposatu zigun Bisai. Horixe paratzea erabaki genuen.
Joan den abenduan egin zenuten lehendabiziko zuzenekoa, Elizondon. Kontatu...
Bai, abenduaren 25ean izan zen. Gehienbat Alemanendako eta niretako erronka izan zen; Alemanek lehendabiziko aldia zuelakoz baxuarekin eta gainera, denbora aunitz zeramalako jo gabe; eta nik lehendabiziko aldia nuelakoz kantari. Gure kantak jo genituen, ongi prestatu genituen, dezente entseatuz, eta arras ongi atera zen.
Geroztik zuzeneko batzuk egin dituzue. Zer harrera izan dute?
Donezteben, Azkainen, Ijorretan... Kontzertu batzuk eman ditugu eta diskoa atera aitzinetik erraztasuna hartzeko ongi etorri zaizkigu. Gainera, uste baino harrera hobea izan dute. Hutsetik hastea ez da erraza, baina arras kontent gaude, bai kantek izan duten harrerarekin, bai jendearen erantzunarekin. Kontzertuetan jendea gure kantak kantari ikusi dugu eta horrek ilusioa egiten du.
«Gure musika rockaren eta poparen arteko nahasketa da»
Nolakoa da zuen musika?
Rockaren eta melodia poperoen arteko nahasketa bat da, beti gitarra presente duena eta erritmo indartsuarekin. Powerpop moduko bat dela erraten ahal dugu; batzuendako pop musika gogorra izanen da eta bertzeendako rock suabea.
Entseatzeko nola moldatzen zarete?
Normalean, Donezteben biltzen gara, Urrozen lokalean. Aleman irakaslea da eta Urroz eta biok irakasle izateko ikasketak egiten ari gara, baina moldatzen gara.
Nola sortzen dituzue kantak?
Lehendabiziko, kantaren doinua egiten dugu eta hori nik egiten dut. Eta ondotik, letra paratzen diegu; kanta pare baten letrak Itziar Agirre eta Jokin Barriola lagunek egin dizkigute eta bertzeenak taldekideon artean egin ditugu, lokalean hitz jokoetan ibilita.
Ekainaren 6an argitaratu zenuten Hemen naiz diskoa. Nolakoa da?
2025eko soinua duen diskoa da, hamaika kanta ditu eta denak euskaraz dira. Nabari da jende onarekin ibili garela. MIK estudioetan egin ditugu grabaketak, Maikel eta Mikel Irazokirekin aritu gara eta diskoan beraien arrastoa utzi dute. Taldearen identitatea edo atmosfera sortzen lagundu dute, eta uste dut Euskal Herrian berria dela. Buelta aunitz eman ditugu, baina kontent gelditu gara azken emaitzarekin.
«Diskoa mimoz egindako lana da eta nabari da emaitzan»
Zer moduz joan ziren grabaketak?
Bi zatitan grabatu genuen, dena joan den urtean; lehenbiziko kantak urtarrilean eta azkenak ekainean. Nahasketa prozesua ere luze joan da eta masterizazioa Miguel Demborarekin egin dugu.Tarte horretan, aunitz ikasi dugu. Normalean, estudioetan, diru kontuengatik, erlojuaren menpe ibiltzen gara. Baina kasu honetan, akordio batera ailegatu ginen, eta estudioan probatzeko denbora hartu genuen. Hori nabari da emaitzan. Mimo handiz egindako lana da.
Baliabide nahikoak izan dituzue?
Bai. Eta dena hurbileko jendearekin egin dugu, baita bideoklipak ere. Urrutira joan gabe, etxean ere bada talentu handiko jendea. Hala ere, inbertsio handia da disko bat ateratzea, eta orain horri buelta eman beharko diogu.
Bideoklipak aipatu dituzu. Esplikatuko zenuke?
Bideoklipak egin ditugu eta tartean, bideoklipekin hiru atalez osatutako film laburra egin dugu. Mikel Mayordomo beratarra eta Zorak Arruti zarauztarra izan dira zuzendariak eta Youtuben ikusten ahal da.
Diskoa grabatuta, musikalki pauso bat aitzinera eman duzue?
Nire ustez, bai. Disko bat egitea zure bizitzako etapa bat ixtea bezala da, eta bidean aunitz ikasten da. Gainera emaitza arras duina da, eta zuzenekoetan disfrutatzeko gogoarekin gaude.
Nola ikusten duzue gaur egun musika mundua?
Bere argi-ilunekin. Euskal Herrian aldaketa handia izan da eta gaur egun edozein musika estilo aditzen ahal da euskaraz, eta hori positiboa izaten ahal da. Baina ez da erraza zirkulu horretan sartzea eta toki guzietan badira interesak. Batzuendako musika mundua lehiakorra da, eta ez luke horrela izan behar. Badira talde aunitz ilusio eta gogo handiarekin ari direnak eta hori arras polita da. Niri aunitz gustatzen zait mundu honetan ibiltzea eta uste dut taldekideek ere gauza bera erranen dutela. Badu bere alde iluna, sektore guziek bezala, baina badira arras gauza interesgarriak eta Euskal Herrian bada non disfrutatu.
«Jende jakin batengana ailegatzea espero genuen, baina muga hori pasatu dugu eta gazteen aldetik nahiko harrera ona izan dugu»
Zuen musikak zer harrera du gazteen artean?
Egia errateko, sorpresa hartu dugu. Jende jakin batengana ailegatzea espero genuen, baina muga hori pasatu dugu eta gazteen aldetik nahiko harrera ona izan dugu. Ez da betiko rocka, baina lana mimoz eta ongi egina denean, denek badute tokia eta gure kantek ere izanen dute.
Etorkizunera begira zer helburu dituzue?
Helburu nagusia, orain arte bezala, ortziralero entseatzera gogoarekin joatea da.
Erronka handia da?
Ez, ez da erronka handia, baina edozein harremanetan bezala, monotonia sortzen da eta hiruron arteko harremana zaintzea inportantea iruditzen zait, gu hirurok garelakoz taldea. Gure artean arras harreman ona dugu, arras lagunak gara eta orain arte bezala, ilusioarekin eta gogoarekin segitzea da helburu nagusia. Gainerakoa etorriko da. Ez dugu inorako presarik, baina ez gara geldirik egonen. Segi dezagun sortu dugun familia honetaz disfrutatzen.