Oiz B eta Arraioz Sagardia zuzenean sailkatu dira laxoa txapelketako finalerdietarako

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 26a, 14:30

Doneztebeko Bear-Zanan jokatuko dute final laurdenetako partida bat Doneztebe The Moment eta Irurita Migelene taldeek.

Final laurdenak, berriz, Doneztebe The Moment eta Irurita Migelene alde batetik eta Oiz A eta Doneztebe Titik, bertzetik, jokatuko dituzte.

Asteburuko errekuperazio partidak eta gero, Baztan-Errekako 45. Laxoa Txapelketako ligaxkako sailkapena erabakita gelditu da. Joan den asteko partidetan, Doneztebe Titi eta Doneztebe Menditxuriren arteko partidua 9-6 akitu zen eta Oiz A eta Arraioz Sagardiaren artekoa 9-7.

Sailkapena

Partidu horiekin, sailkapena horrela gelditu da:

Lehenengo postuan Oiz B sailkatu da. Lan ederra egin dute eta horrek sari ederra emanen die. Finalerdietako txartela zuzenean lortu dute eta, gainera, etxeko partidua noiz jokatu erabakitzeko aukera izanen dute. Bere aurkaria Oiz A eta Doneztebe Titiren arteko partidutik aterako da.

Bigarren postuan Arraioz Sagardia sailkatu da. Honek ere finalerdiko txartel zuzena lortu du eta Oiz Bk bezala, etxeko partidua noiz jokatu erabakitzeko aukera izanen du. Bere aurkaria Doneztebe The Moment edo Irurita Migelene izanen da.

Hain zuzen, ligaxkan hirugarrenetik seigarren postuak eskuratu dituzten Doneztebe The Moment, Oiz A, Doneztebe Titi eta Irurita Migelenek final laurdenak jokatu beharko dituzte, partida bakarrera. Doneztebe The Moment taldeak eta Irurita Migelenek lehen final laurdena jokatuko dute Doneztebeko Bear Zanan eta Oiz Ak eta Doneztebe Titik bigarrena Oizen.

Asteburu honetan Doneztebeko bestak direla eta, atsedenaldia izanen dute taldeek eta hurrengo asteburuan, final laurdenak jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!