Larunbat goizean jokatutako finalerdian Ultzamak 3-0 irabazi zion Goizuetari. Benjamin mailan, Ultzamako Berasainek eta Landiribarrek 18-11 irabazi zieten Goizuetako Goizuetari eta Larralderi. Alebin mailan, Ultzamako Arzak eta Alsuak 18-9 irabazi zieten Goizuetako Elizegiri eta Zabalari eta infantil mailan, azkenik, Ultzamako Orkinek eta Arzak 18-11 irabazi zieten Goizuetako Aranberriri eta Sagarduiri.
Larunbat arratsaldeko finalerdian, berriz, Berak 3-0 irabazi zion Leitzari. Benjamin mailan, Berako Baleztenak eta Igoak 18-8 irabazi zieten Leitzako Aizagirreri eta Alkortari. Alebin mailan, Berako Goñik eta Zubietak 18-7 irabazi zieten Bengoetxeari eta Zabaletari eta infantil mailan, Igoak eta Lazkanotegik 18-6 irabazi zieten Olaizolari eta Zabaletari.
Berak laugarren aldiz segidan lortu du finalerako txartela herriarteko ttikian. 2022an Donezteberen kontra galdu zuen, 2023an Leitzaren kontra irabazi eta 2024an Baztanen kontra galdu egin zuen. Orain Ultzamaren kontra ariko da Bera finalean, uztailaren 5ean Labriten.
Herriarteko handian Leitza eta Doneztebe finalerdietan
Herriarteko ttikiak dagoeneko finalistak ezagun ditu eta herriarteko handiari dagokionez, koxka bat gibeletik dago. Asteburu honetan jokatu da lehen faseko azken jardunaldia eta B multzoan zeuden eskualdeko bi herriek, Leitzak eta Doneztebek, lortu dute finalerdietarako txartela. Multzoko buru izan den Leitza, A multzoan bigarren izan den Lizarraren kontra ariko da igande goizean Labriten eta Doneztebe, berriz, A multzoko buru izan den Irurtzunen kontra lehiatuko da finalerako txartelaren bila larunbat goizean Labriten. Irabazleek uztailaren 13an jokatuko dute finala Labriten.