Esku pilotak duen tenplurik historikoenetako bat den Eibarko Astelenan, egoitzak merezi duen bezalako partida ederra ikusi ahal izan zuten pilotazaleek. Gaminderen ordez aritu zen Nahia Bertiz Sunbillako gazteak lan bikaina egin zuen gibeleko koadroetan, baina Olatz Arrizabalagak partidak hausteko berezko dohainak dituela erakutsi zuen bertze behin, bere pilotakadei bertze abiadura bat sartuta. Azkenean, Arrizabalagak eta Bergarak 22-17 irabazi zieten Etxegarairi eta Bertizi. Gazte mailako partidan, Insaustik eta Betegik 18-10 irabazi zieten Lopez de Okarizi eta Perezi.
Burlatako pilotalekua, berriz, bereziki azkarra da eta Lide Lopez eta Mendizabal gazteek ezin izan zuten baldintza berezi horietara behar bezala moldatu eta Goiuri Zabaleta leitzarra eta Erasun nagusi izan ziren (22-7). Leitzakoa eta zizurkildarra txapelketa hasieratik garaipenerako faboritoen artean azaldu dira eta asterik-aste uste hori indartu baino ez dute egin. Gazte mailako partidan, Gomezek eta Alize Sagardui goizuetarak 18-12 irabazi zieten Perezi eta Uriarteri.
Asteartean Arbizun bigarren jardunaldia
Atsedenerako tarte handirik gabe, lau bikote hauek asteartean bertan Arbizun jokatuko den jaialdi handian ikusiko dute elkar berriro ere. Aldai-Bergara/Salsamendi-Mendizabal eta Etxegarai-Gaminde/Zabaleta-Erasun izanen dira San Juan egunez Sakanako herrian jokatuko diren partidak.