Nerea Sorondo Euskal Herriko aizkolari txapelketaren finalean izanen da, baina Maika Ariztegi ez

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 23a, 14:30

Urriaren 25ean Elgoibarren jokatuko den finalerako txartela lortu duten sei aizkolariak, tartean Nerea Sorondo beratarra.

Igande eguerdian Mungian jokatutako kanporaketan laugarren izan zen beratarra eta zortzigarren iturendarra.

Euskal Herriko emakumezkoen aizkora txapelketako kanporaketa jokatu dute igande eguerdian Mungiako Matxin Plazan (Bizkaia). Hamar aizkolari aritu ziren urriaren 25ean Elgoibarren jokatuko den finalerako sei txarteletako baten bila. Tartean zeuden Maika Ariztegi iturendarra eta Nerea Sorondo beratarra ere. Sorondok lortu du finalean sartzea, ez ordea Ariztegik.

Aizkolariek hiru enbor moztu behar zituzten: kanaerdiko bat, 45 ontzako bat eta 36 ontzako bat. Laiene Pikabea izan zen bizkorrena (09.30). Sei segundoko aldea atera zion Nerea Arrutiri (9.36) eta Karmele Gisasola hirugarren (9.53). Nerea Sorondok laugarren postua eta finalerako txartela eskuratu zuen (10.43), baita Irati Astondoak (10.57) eta Uxue Ansorregik (11.05) ere. Zazpi segundogatik finaletik kanpo gelditu zen Oihana Fernandez de Barrena (11.12), zazpigarren. Zortzigarren Malen Barrenetxea izan zen (13.15), bederatzigarren Maika Ariztegi iturendarra (17.44) eta hamargarren Beatriz Tanco (18.38).

Sei onenek lortu dute, beraz, urriaren 25ean Elgoibarren jokatuko den finalerako txartela. Finalean lan bikoitza izan dute: bi kana erdi, 45 ontzako bi enbor eta 36 ontzako bi enbor.

Mungiako kanporaketan aritu ziren aizkolari guztiak.

 

Barberena anaiak txapeldun arpanan

Mungiako jaialdi berean jokatutako gizonezkoen arpana txapelketaren finalean ez zen eskualdeko ordezkaritzarik izan. Horizontalean jarritako 60 ontzako enborrari 5 ebaki, bertikalean jarritako 54 ontzako enborrari 6 ebaki, horizontalean jarritako 54 ontzako enborrari 6 ebaki eta horizontalean jarritako 60 ontzako enborrari 6 ebaki eman behar zizkioten. Hiru bikote aritu dira, horietako bi nafarrak: Iraizozko Iñaki Barberena eta Josetxo Barberena anaiak suertatu ziren txapeldun (14.38),  Arabako Eder Lopez de Abetxuko eta Andoni Elizondo bigarren (17.34) eta Aizarotzeko Jon Etxeberria eta Urritzolako Aritz Legarrea hirugarren (30.20).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun