Uterga eta Mitxeo ez dira udaberriko erremonte txapelketaren finalean izanen

Eloy Otxandorena pilota altxatzen, Burlatan jokatutako finalerdian. Bera izanen da Doneztebeko finalean ariko den herriko erremontista bakarra.

Ekainaren 27an, ortziralean 19:00etan hasita jokatuko dute Udaberriko erremonte txapelketako finala Donezteben, besten barrenean. Herriko hiru erremontistak zuten finala jokatzeko aukera, baina azkenean bakarra izanen da: Eloy Otxandorena. Izan ere, Azkoienen jokatutako finalerdian ezustekoa izan zen, ligaxkako partida guztiak irabaziak zituzten Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek 35-33 galdu baitzuten ligaxkan partida guztiak galduak zituzten Zeberio II.aren eta Barricarten kontra.

Lehen finalerdi horretan agintzen hasi zen Doneztebeko bikotea (0-6, 1-7, 4-10), baina hamarna berdindu ondotik, berdintasun handiko zatia izan zen. Bigarren zatian, berriz, Zeberio II.a eta Barricartek sei tantoko aldea hartu zuten (29-23, 30-24), baita zortzi tantokoa ere (33-25). 34-27koarekin, dena erabakia zirudienean,  sei tanto segidan egin zituzten Utergak eta Mitxeok (34-33), baina ez zen aski izan finalerako txartela eskuratzeko.

Azkoiengo jaialdiko lehen partidan Xuban Iturregi iruritarrak eta Baztanek 30-20 irabazi zieten Osesi eta Agirrezabalari.

Bertze finalerdia ere estua

Burlatako finalerdia ere aski estua izan zen, baina azkenean, Eloy Otxandorenak eta Otanok 35-31 irabazi zieten Matxin III.ari eta Agirrezabalari. Ligaxkan baino lan gehiago egin behar izan zuten irabazleek, orduan 35-23 irabazi baitzuten. Hasieran aitzinetik izan ziren Otxandorena eta Otano (4-7), baina zortzina berdindu ondotik, Azpeitiko bikotea gailentzen hasi ziren: hogeita bina berdindu ondotik, 29-23 eta 31-27 aitzinetik izan ziren Matxin III.a eta Agirrezabala, baina azken txanpara freskoago ailegatu ziren Otxandorena eta Otano eta azken zortzi tantoak segidan egin zituzten, 31-35 irabazteko.

Burlatako lehen partidan, Xanti Utergak eta Barricarten ordez aritu zen Doneztebeko erremonte eskolako Ilarregik 30-21 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Baztani.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun