Euskal Herriko orga-joko txapelketan Unai Bertiz sunbildarra izanen da eskualdeko kirolari bakarra. Berekin batera, Unai Goitia, Jon Marijuan, Igotz Ardeo eta Albaro Zugarrondo ariko dira. 200 kiloko orga gibeleko aldetik hartuz eta gurpilek lurra jo gabe, orgari ahalik eta bira gehien eman beharko dizkiote. Lasto-botatze txapelketan ez da eskualdeko kirolaririk izanen.
Euskal Herriko emakumezkoen aizkora txapelketako kanporaketa, berriz, Mungiako Matxin Plazan (Bizkaia) igande eguerdian jokatuko da. Hamar aizkolari ariko dira (azken orduan, Xanta Sousa lesakarra ez da ariko) eta Maika Ariztegi iturendarra eta Nerea Sorondo beratarra izanen dira eskualdeko ordezkariak. Beraiekin batera, Karmele Gisasola, Uxue Ansorregi, Nerea Arruti, Malen Barrenetxea, Irati Astondoa, Laiene Pikabea, Oihana Fernandez de Barrena eta Beatriz Tanco ariko dira.
Aizkolariek hiru enbor moztu beharko dituzte: kanaerdiko bat, 45 ontzako bat eta 36 ontzako bat. Sei onenek lortuko dute urriaren 25ean Elgoibarren jokatuko den finalerako txartela. Finalean lan bikoitza izan dute: bi kanaerdi, 45 ontzako bi enbor eta 36 ontzako bi enbor.
Gizonezkoen arpana txapelketaren finalean ez da eskualdeko ordezkaritzarik izanen. Hiru bikote ariko dira, horietako bi nafarrak: Iraizozko Iñaki Barberena eta Josetxo Barberena anaiak, Aizarotzeko Jon Etxeberria eta Urritzolako Aritz Legarrea. Arabako Eder Lopez de Abetxukok eta Andoni Elizondok osatuko dute finaleko hirukotea.