Udaberriko erremonte txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte asteburuan

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 19a, 18:00

Uterga eta Zeberio II.a aurrez aurre izanen dira ortziraleko lehen finalerdian, baita larunbateko bigarren finalerdiko jaialdiko lehen partidan ere.

Ortziralean Azkoienen, Uterga eta Mitxeo, Zeberio II.aren eta Barricarten kontra ariko dira eta larunbatean Burlatan, Matxin III.a eta Agirrezabala, Otxandorenaren eta Otanoren kontra, Donezteben jokatuko den finalerako txartelaren bila.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2025eko Microlan Aerospace Sari Nagusia azken txanpan sartua da eta asteburu honetan jokatuko dituzte finalerdiak, ortziralean Azkoienen eta larunbatean Burlatan.

Ekainaren 20an, ortziralean 19:00etan Azkoiengo Vicente Lacalle pilotalekuan jokatuko den lehen finalerdian, ligaxkan lehenak izan diren Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, laugarren izan diren Zeberio II.aren eta Barricarten kontra ariko dira. Doneztebeko bikotea izanen da faborito, txapelketan jokatu dituen lau partidak irabazi baititu. Jaialdiko lehen partidan, Oses eta Agirrezabala, Xuban Iturregi iruritarraren eta Baztanen kontra ariko dira.

Ekainaren 21ean, larunbatean 18:00etan jokatuko duten bigarren finalerdian, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otano, ligaxkako bigarrenak, Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira (hirugarrenak). Jaialdia hasteko partidan, bezperan bezala, berriz ere aurrez aurre izanen dira Uterga eta Zeberio II.a, gibelean Baztan eta Barricart lagun dituztela.

Bi jaialdietan sarrerako dohaintza 10 eurokoa izanen da, 5 eurokoa 16 eta 22 urte artekoentzat eta doan 16 urtetik behetikoentzat. Bildutako guztia ADANO elkartera bideratuko dute. E•Remonte enpresako erremontisten bi kamiseta ere zozketatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun