Nafarroako herriarteko ttikiko finalerdiak jokatuko dituzte ekainaren 21ean Labriten

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 18a, 10:30

Herriarteko ttikiko finalerdietan izanen dira Goizueta (Ultzamaren kontra larunbat goizean) eta Bera eta Leitza aurrez aurre, larunbat arratsaldean.

Joan den asteburuan jokatu ziren Nafarroako herriarteko pilota txapelketa ttikiko final laurdenetako partidak. Sailkapena lortua zuten zortzi herrietatik sei eskualdekoak ziren eta horietatik hiru izanen dira finalerdietan: Bera, Leitza eta Goizueta. Ekainaren 21ean jokatuko dituzte finalerdietako norgehiagokak. Larunbatean 10:00etan Ultzama eta Goizueta artekoa eta 17:00etan Bera eta Leitza artekoa.

Herriarteko ttikiko final laurdenetako emaitzak

Beran jokatutako final laurdenetako norgehiagokan, Berak 2-1 irabazi zion Lesakari. Lehen partidan, benjamin mailan, Lesakako Oihan Irurietak eta Ainara Hitak 18-6 irabazi zieten Berako Aiert Baleztenari eta Juel Igoari. Alebin mailan, aldiz, Berako Ekai Mikelperizenak eta Beñat Goñik 18-2 irabazi zieten Lesakako Eneritz Muñoari eta Amets Irurietari eta infantil mailan ere, Berako Erik Igoak eta Jon Lazkanotegik 18-6 irabazi zieten Lesakako Jon Madariagari eta Oihan Muñoari.

Larraintzaren, berriz, 2-1 Ultzamak Donezteberi. Benjamin mailan, Doneztebeko Zestauk eta Mendiburuk 18-6 irabazi zieten Ultzamako Berasaini eta Landiribari. Alebin mailan, aldiz, Ultzamako Alsuak eta Arzak 18-11 irabazi zieten Doneztebeko Bengotxeari eta Bertizi. Beraz, infantil mailan erabaki zen finalerdietarako txartela eta hemen, Ultzamako Arzak eta Orkinek 18-6 irabazi zieten Doneztebeko Irazokiri eta Maritxalarri.

Elizondon jokatutako Baztanen eta Leitzaren arteko lehian leitzarrak 1-2 nagusitu ziren. Benjamin mailan izan zen lehiarik estuena, baina azkenean Leitzako Aizagirrek eta Alkortak 18-16 irabazi zieten Baztango Etxenikeri eta Gamiori. Alebin mailan erraz gailendu zen Leitzako bikotea, Bengoetxeak eta Zabaletak 18-3 irabazi baitzieten Baztango Ripari eta Urrutiari, finalerdietarako txartela segurtatuz. Infantil mailako lehian erraz nagusitu zen Baztan, Agestak eta Brañak 18-2 irabazi baitzieten Leitzako Andiarenari eta Zabaletari.

Goizuetan, berriz, Goizuetak 2-1 irabazi zion Arbizuri. Benjamin mailan, Goizuetako Larraldek eta Lujanbiok 18-7 irabazi zieten Arbizuko Agirreri eta Loidiri. Alebin mailan ere, Goizuetako Elizegik eta Zabalak 18-2 irabazi zieten Arbizuko Mauduiti eta Zabalori. Finalerdietarako txartela eskutan, infantil mailan galdu egin zuten Goizuetako Aranberrik eta Sagarduik Arbizuko Loidiren eta Mendinuetaren kontra (12-18).

 

Herriarteko handian ligako azken jardunaldia

Herriarteko handiari dagokionez, lehen faseko azken jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan. B multzoan daude eskualdeko bi ordezkariak, Doneztebe eta Leitza. Doneztebek atseden izanen du, baina dagoeneko segurtatua du finalerdietarako txartela, 20 punturekin. Leitza, azken jardunaldi honen faltan, ongi bideratua du sailkapena. 17 puntu ditu eta hirugarren Betelu da, 14 punturekin. Hain zuzen, Betelu eta Leitza aurre aurre izanen dira ekainaren 21ean, larunbatean 10:00etan Betelun. Leitzarrek garaipen bat aski dute finalerdietan izateko eta bi edo hiru garaipenekin, multzo buru izanen lirateke. Multzo honetako bertze norgehiagoka Ultzamak eta Atarrabiak jokatuko dute Larraintzarren, baina ez batek eta ez bertzeak ez dute sailkatzeko aukerarik.

A multzoan, Larraunen, Irurtzunen eta Lizarraren artean izanen dira finalerdietarako bi txartelak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun