Aldabek eta Barrenetxea IV.ak irabazi dute Sagardoaren Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 17a, 15:00

Aldabe eta Barrenetxea IV.a txapeldun eta Urriza eta Larrañaga txapeldunorde, Sagardoaren Txapelketako podiumean. Argazkia: Maialen Andres

Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Erremontari saioko 2025eko ekitaldia irabazi dute, Galarretan, Hernanin. Sagardoaren Txapelketako final handian, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak Javi Urriza eta Iban Larrañaga txapeldunordeak menderatu dituzte, bi jokotan, 9-15 eta 7-15.

Galarretan giro bikaina zegoela, finaleko lehenengo jokoan hiru zati izan ziren. Lehenean, Oialume Zarreko Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak, Iñaki Lekuona kapitain zutela, sei tanto segidan egin zituzten, eta 1-6 izan ziren aitzinetik; Petritegiko Javi Urrizak eta Iban Larrañagak, Aritz Altadill kapitain zutela, bertze sei tanto egin zituzten gero, bata bertzearen ondoan, eta 7-6koa ezarri zuten markagailuan; eta, ia segidan, bederatzina zeudela, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, bertze behin, sei tanto jarraian lortu zituzten, hamabosgarrenera iritsi arte. Hala, lehen jokoan hiru bolada izanda, Lekunberriko aurrelariak eta Hernaniko atzelariak eskuratu zuten puntua.

Bigarren jokoan, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak jokoaren kontrola izan zuten, bai eta markagailuarena ere, eta argi nagusitu ziren. 1-6 aurreratu ziren, lehenengo jokoan bezala, eta ez zuten abantaila hori galdu, txapelak eskuratu arte. Urriza eta Larrañaga hiru tantora gerturatu ziren, 5-8koan eta 7-10ekoan, baina Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, orduan, bortz tanto segidan egin zituzten, eta titulua irabazi zuten. Gainera, Endika Barrenetxeak txapelketako Pilotari Onenarentzako saria erdietsi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun