Mendi bizikletako Rural Kutxa Kopa irabazi du Eneit Bertiz sunbildarrak

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 17a, 10:00

23 urtez beheitiko podiumean, Eneit Bertiz lehena eta Jon Egizabal leitzarra bigarren.

Ekainaren 15ean Zangozakon lortutako bigarren postua aski izan du sailkapen nagusian nahiz 23 urtez beheitikoan nagusitzeko; junior mailan Gazteluko Mikel Telletxea nagusitu da eta kadete mailan Aresoko Aratz Gurrutxaga

Mendi bizikletako Rural Kutxa Kopa txapelketako bosgarren eta hondarreko proba jokatu zen ekainaren 15ean Zangozan. Aitzineko lau proben ondotik, gizonezkoen maila nagusiko sailkapen orokorrean Iñigo Sagardoy (Saltoki Conor) zen lehenbizikoa eta Katea Bike taldeko Eneit Bertiz bigarrena, hiru puntuko aldearekin. Zangozan ez bata eta ez bertzea, Txirrinta Bikes taldeko Adrian Losarcos izan zen irabazle, baina Bertizek sailkapen nagusiko maillot horia janzteko balio izan dion bigarren postua lortu zuen. Sagardoy hirugarren izan zen.

Hiru txirrindulari hauek hasieratik ihes egin zuten elkarrekin eta bosgarren itzulian, Bertizen eraso bortitz batek metro batzuk gibeleratu zituen Sagardoy. Losarcosek eutsi zuen eta Bertizen neke hori aprobetxatu zuen, garaipena lortzeko. Halere, Bertizek bigarren postua aski zuen maillot horia janzteko. «Karrera hagitz gogorra izan da. Aitzineko proban, Nafarroako txapelketan Iñigok [Sagardoy] irabazi zuen eta zalantzak nituen, baina banekien Zangozako zirkuitua ere niretzat egokia zela, igoera esplosiboekin. Lehen lau itzulietan bere gibelean joan naiz, nola zebilen ikusiz, bosgarrenean nire burua ongi ikusi dut eta erasoa jo dut, Adrianekin [Los Arcos] batera. Azken itzulian gibelean utzi nau, baina hagitz kontent akitu dut, bai nire maillotagatik, baita Adrianen garaipenagatik ere, laguna dut eta merezi du».

Kategoria nagusian ez ezik, 23 urtez azpikoen kategorian ere lehen postua lortu zuen Eneit Bertizek. Bigarren postuan Saltoki Conor UCI taldeko Jon Egizabal leitzarra gelditu zen. Santiago Iriartek (Lacunza Construcciones) osatu zuen podiuma.

Junior kategorian, berriz, Gazteluko Mikel Telletxeak (Saltoki Conor) maillot horia lortu zuen Zangozan bigarren izan ondotik, eta bere taldekideak, Unai Iñarrea igantziarrak, hirugarren postua lortu zuen lasterketan eta bigarren postuan sailkapen orokorrean. Oraingo honetan, Iruritako Oihan Alemanek (Saltoki Conor), ezin izan zuen Zangozako lasterketan parte hartu, Lons Le Saunie hirian (Frantzia) jokatutako Frantziako Kopan UCI Junior Serieseko proban ehiatzen ari zelako.

Junior mailan, Zangozan, bigarren eta hirugarren izan ziren Saltoki Conor taldeko Mikel Telletxea eta Unai Iñarrea, baina sailkapen orokorrean maillot horia lortu du Gaztelukoak eta bigarren postua Igantzikoak.

Kadeteen kategorian, azkenik, Aurrera taldeko Aratz Gurrutxagak lasterketa bikaina egin zuen, txapelketa irabazi eta maillot horia janztera eraman zuena.

Azken sailkapeneko txapeldun guztiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!