Garaipenik gaziena eta porrotik gozoena izan dituzte Eztegarako erremonte txapelketako jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 16a, 08:00

Ion, Sagaseta iruritarra, Zeberio II.a eta Barricart, tartean epailea dutela, larunbatean Eztegaran. Urdinek lortu zuten garaipena, baina gorriek, lehen faseko partida guztiak galdu arren, finalerdietarako sailkatzea lortu dute.

Udaberriko erremonte txapelketako lehen faseko azken jardunaldian 35-33 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrak eta Ionek Zeberio II.ari eta Barricarti, baina hauek lortu dute finalerdietarako sailkatzea.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2025eko Microlan Aerospace Sari Nagusiaren hamargarren jardunaldia, lehen faseko azkena, jokatuko dute larunbat arratsaldean Berako Eztegara pilotalekuan. Zeberio II.ak eta Barricartek, alde batetik eta Jon Sagaseta iruritarrak eta Ionek, bertzetik, finalerdietarako sailkatzeko azken txartela zuten jokoan. Sagasetak eta Ionek, irabazi ez ezik, 33 tanto baino guttiagotan utzi behar zituzten arerioak, finalerdian Utergaren eta Mitxeoren kontra aritzeko. Eta justu horixe gertatu zen. Alegiak, Sagasetak eta Ionek irabaztea lortu zuten, baina Zeberio II.ak eta Barricartek 33 tanto egitea lortu zuten eta honela, lehen faseko partida bakar bat ere irabazi gabe, finalerdietan izanen dira, Utergaren eta Mitxeoren kontra aritzeko.

Partidaren hasieran 4-1 aitzineratu ziren Zeberio eta Barricart, baina urdinek markagailua irauli (4-9) eta bederatzi tantoko aldea ere izan zuten (12-21). Baina gorriek erreakzionatu zuten eta hogeita bina berdintzea lortu zuten. Berdinketa aunitzeko bolada izan zen orduan (24-26, 26-26, 27-27). 31-28 aitzineratu ziren Zeberio II.a eta Barricart. Baina Sagaseta eta Ion 32-34 aitzinetik paratzea lortu zuten. Beraz, bi bikoteak finaletik tanto bakarrera zeuden, baina hogeita hamahirugarren tantoa egitea lortu zuten gorriek, finalerdietarako txartela eman ziena, nahiz eta azkenean, 33-35 galdu-

Jaialdiko lehen partidan beteranotasuna eta gaztetasuna nahasi zituzten. Xuban Iturregi iruritarrak eta Agirrezabalak 30-26 irabazi zieten. Matxin III.ari eta Markel Leatxe donamariarrari.

 

Finalerdiak

Udaberriko erremonte txapelketako finalerdiak datorren asteburuan jokatuko dituzte. Ekainaren 20an, ortziralean, Peraltan jokatuko dute Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek (ligaxkako lehenak), laugarren izan diren Zeberio II.aren eta Barricarten kontra. Ekainaren 21ean, larunbatean, berriz Burlatan ariko dira Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otano (bigarrenak), Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra (hirugarrenak).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun