Hendaiako Kaneta kaian egin dute Euskal Herriko ikastolek muga administratiboz gaineko 'Zubiak eraikiz' egitasmoa berritzeko ekitaldia, ekainaren 12an. Berako Labiaga ikastolak, Lesakako Tantirumairu ikastolak eta Baztan ikastolak ere parte hartzen dute proiektu honetan. 2016an bortz ikastolek sortu zuten lehenbiziko sarea geroz eta zabal eta anitzagoa bilakatzeko engaiamendua berretsi dute Nekane Artolak, Oier Sanjurjok eta Sophie Layusek, Euskal Herriko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioetako buruek.
Hain zuzen, 2025. urte honetan kate-begi berriak batu dira euskara eta euskal kultura sustatuz «nazioaren bizipena» bermatzeko baliagarria izatea xede duen egitasmora. Hala, 2016. urtean Biriatu, Hendaia, Urruña, Ziburu eta Errenteriako ikastolek izenpeturiko Zubiak Eraikiz hitzarmena berritu eta berriz izenpetu duten hitzarmenaren azpialdean honako ikastetxeen izenak eman dituzte: Biriatuko ikastola, Hendaiako Gure Ikastola, Ziburuko Kaskarotenea, Piarres Larzabal kolegioa, Berako Labiaga ikastola, Lesakako Tantirumairu, Elizondoko Baztan ikastola eta Orereta-Oiartzo batxilergo ikastola. Mugaz gaindiko Euroeskualdea erakundearen dirulaguntza izan du proiektuak azken ikasturteetan berritze eta indartze prozesu honetan.
Bidasoaren gainean zubiak eraikiz
Gaur gaurkoz, Zubiak Eraikiz proiektuan parte hartzen duten Ikastolak Bidasoak lotzen ditu. Ibaia baino zerbait gehiago da Bidasoa Ikastola parte hartzaileentzako: «ura bere bidean» da. Lasaitasuna, sosegua, mugimendua, bizia, lotura da. Ur emari txikitik ibai ederrak sortuz, goxo eta etenik gabe bi bazter batuz, bizia sortuz, uzta ekarriz, bere bidea aldarrikatuz eta eginez, iturburu eta ibai denek itsasoan bat eginez. Ura bere bidean; eta Ikastolak beren bidean. Zubiak Eraikiz. Proiektu bizia da Zubiak Eraikiz eta errekastoetako ur emariak lotuz Bidasoa eta Ebro hurbiltzea du helburu, bai baitira muga administratiboz gaindiko harremanak dituzten beste Ikastola asko, haiek ere beren bidea egiten.
Sophie Layus Seaskako lehendakariak, bere aldetik, «Zubiak Eraikiz euskara da. Euskaraz eta euskal kulturatik eraikitzen dituzte ikasleek harremanak. Ikasleak euskaraz aritzeko gune erosoak sortzen ditu Zubiak Eraikiz proiektuak, izan ere Ikastoletako arnasgunea beste eremu batzuetarat eramaten du egitasmo honek, harremanen, kulturaren, ludikotasunaren eremurat» adierazi zuen.
Oier Sanjurjok, Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakariak, bere aldetik, ttipia zelarik, Lizarrako ikastolak bertze euskal lurraldeetako ikastolekin landu zituen elkartrukeak izan zituen gogoan, eta horrek, bertzeak bertze, nola bistaratu zizkion, Euskal Herriko errealitate linguistiko zoritxarrez ezberdinak, bere kasuan, Nafarroako zonifikazioa pairatu behar izatetik. «Zubiak Eraikiz herria da. Euskal Herriko lurralde desberdinetako ikasleak elkarrekin elkarrekintzan jartzen ditu egitasmo honek. Herriak eta horien errealitateak ezagutzeko aukera ematen die. Ikastolen proiektua Euskal Herriaren luze zabalean dago errotuta, eta horri esker, muga administratiboak gainditu eta halako proiektuak gauzatzeko aukera ematen digu», adierazi zuen.
Nekane Artola, EHIko lehendakariak aipatu duenez, «Zubiak Eraikiz Ikastola da. Hezkuntza proiektua garatzeko dugun autonomia da gure indarguneetako bat. Ez dauzkagu administrazioak izan ditzakeen kateak eta horrek bestela eman ezin diren urratsak emateko bidea zabaltzen digu. Saretuta gaude eta horrek eredu oso bat eraikitzeko aukera ematen digu. Ikastola bakoitza autonomoa izanik sare oso baten parte da eta horrek Zubiak Eraikiz bezalako egitasmoak hedatu eta sare osoan eragiteko aukera ematen du. Zubiak Eraikiz egitasmoak ikastola-ereduaren balore eta xedeak barnebiltzen ditu».
Horren ondotik, paperezko txalupak eskuetan zituzten haurrez inguraturik, banan-banan, egitasmoaren partaide guziek, zahar zein berriek, hitzarmena izenpetu zuten, Bidasoa lekuko.