Ados pilota elkarteak antolatzen duen San Fermin Emakumezkoen Pilota Txapelketaren aurkezpen ofiziala egin zuten ekainaren 12an, ortzegun arratsaldean, Iruñeko Civivox Kondestable eraikinean, pilotariak, erakundeetako ordezkariak, ADACEN eta Iruñeko Peñen lehendakaria bertan zirela. Txapelketa emakumezkoen pilotari ikusgarritasuna eta egonkortasuna emateko jaio da, San Ferminetako besta esparruaren eta kirolaren barrenean.
Lau eta erdiaren barrenean kanporaketa guztiak Labriten
Bi modalitatetan jokatuko da, binaka eta banaka lau eta erdiaren barrenean. Lau eta erdiko partida guztiak Iruñeko Labriten jokatuko dituzte, kanporaketa moduan (ekainaren 19 eta 26an, uztailaren 2an eta finala uztailaren 5ean). Lehen jardunaldian, Iturriaga leitzarra Barrokalen kontra ariko da eta Mendiburu, Aranbururen kontra. Irabazleek elkarren kontra jokatuko dute finalerdi bat. Koadroaren bertze aldean, Galeanok eta Ruiz Infantek eta Arrastiak eta Oskozek jokatuko dute lehen kanporaketa eta irabazleek elkarren kontra jokatuko dute bertze finalerdia.
Binakako txapelketa Erratzura eta Lesakara ailegatuko da
Binakako txapelketa, aldiz, Nafarroa osora hedatuko da eta, tartean, eskualdera ere ailegatuko da. Honela, ekainaren 21ean hasiko da Cortesen, ekainaren 22an Ubiden, ekainaren 29an Erratzun eta uztailaren 9an Lesakan jokatuko dituzte jardunaldiak eta finala uztailaren 11n Iruñeko Labriten. Binakako txapelketak kanporaketa zuzenak eta play-off bidezko bigarren aukera uztartzen dituen sistema lehiakorra izanen du. Ligako faseko lehen jardunaldian, Aranburu eta Mendiburu, Oskozen eta Perezen kontra eta Barrokal eta Mujika, Infanteren eta Arrastiaren kontra ariko dira. Lehen partida irabazten dutenek elkarren kontra jokatuko dute eta bigarren partida hori ere irabazten duen bikoteak finalerako txartela eskuratuko du. Lehen partidak galtzen dituzten bi bikoteek ere elkarren kontra jokatuko dute eta bigarren partida horretan ere galtzaile suertatzen dena txapelketatik kanpo geldituko da. Irabazleak, aldiz, bertze aukera bat izanen du lehen jardunaldiko irabazleen arteko partidaren galtzailearen kontra ariko da. Partida honen irabazleak, finalerdietarako zuzenean sailkatuak dauden Iturriaga leitzarraren eta Galeanoren kontra ariko dira, finalerako bigarren txartelaren bila.
ADACENekin elkartasun lankidetza
Aurtengo edizioan, aitzineko edizioetan egin duten moduan, txapelketak izaera solidarioa izanen du: Ados Pilotak sarreren diru-bilketa osoa ADACENi (Nafarroako Kalte Zerebralaren Elkartea) emanen dio, erakunde sozialarekin lankidetzan arituz eta ekimenaren konpromiso soziala indartuz.
Txapelketak Iruñeko Udalaren babesa du eta Iruñeko Peñek dinamizatzaile aktibo gisa parte hartzen dute. Denek azpimarratu dute aurkezpenean San Fermin txapelketaren garrantzia berdintasunaren bidean, sanferminetan ere emakume kirolarien presentzia bermatuz eta babestuz.