Eskualdeeko ikastetxeengandik hartu dituzten elkartasun keinuak txalotu ditu Saharaztanek

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 13a, 12:30

Hezkuntza alorrean «gure elkartea aintzat hartu izana» eskertu du Saharaztan Bidasoko Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldeak ohar bidez.

Saharaztanek onartu du bera izaten dela elkartasun deialdiak zabaltzen dituena, «harrera familiak behar ditugulakoz, Elizondoko tonbolarako sariak behar ditugulakoz...». Aldi honetan, ordea, «guk eskatu gabe, eskualdeko ikastetxe batzuetatik elkartasun keinuak ailegatu zaizkigu».

Alde batetik, Lekaroz institutuko 2. Batxilergoko ikasle batzuek webgunea egin diote elkarteari (ikusi hemen) eta bertzetik «Urdazubi, Zugarramurdi, Irurita, Arraioz eta Azpilkuetako zenbait ikaslek erlijioko saioetan gosari solidarioa antolatu dute». Gisa horretara ateratako dirua Saharaztan elkartera bideratu dute eta bi elkartasun keinuekin kontent gelditu da Saharaztan: «Borondatez egindako egitasmo hauei esker, gure elkarteak Interneten ikusgarritasuna handitu du eta gure elkartearendako gastu handiena suposatzen duen egitasmoa diruz babestu dute, udako haurren hegaldi gastua, alegia».

Hala, «hezkuntza alorreko lanketetan gure elkartea aintzat hartu izana, Saharako herriari buruz lanketak egitea edo errefuxiatua bizi den herriaren egoeraz hausnartu eta ikastea goraipatzekoa» dela erran du Saharaztanek: «Guretzat arras garrantzitsua da heziketa lan hori egitea, bai ikastetxeetan, bai familietan, hau da, munduan badirela adin ttikiko aunitz gerran, errefuxiatuak, erbesteratuak, oinarrizko beharrak ase gabe...».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun