Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2025eko Microlan Aerospace Sari Nagusiaren hamargarren jardunaldia, lehen faseko azken azkena, jokatuko dute ekainaren 14an, larunbatean 18:00etan hasita Berako Eztegara pilotalekuan. Zeberio II.ak eta Barricartek, alde batetik eta Jon Sagaseta iruritarrak eta Ionek, bertzetik, finalerdietarako sailkatzeko azken txartela izanen dute jokoan. Zeberio II.ak eta Barricartek 33 tanto egitea aski dute finalerdietan sartzeko eta Sagasetak eta Ionek, aldiz, irabazi ez ezik, 33 tanto baino guttiagotan utzi behar dituzte arerioak, finalerdian Utergaren eta Mitxeoren kontra aritzeko.
Jaialdiko lehen partidan beteranotasuna eta gaztetasuna nahasiko dituzte. Matxin III.a eta Markel Leatxe donamariarra, Xuban Iturregi iruritarraren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.
Sarrerako dohaintza 10 eurokoa izanen da, 5 eurokoa 16 eta 22 urte artekoentzat eta doan 16 urtetik behetikoentzat. Bildutako guztia ADANO elkartera bideratuko dute. E•Remonte enpresako erremontisten bi kamiseta ere zozketatuko dituzte.