Bertizen eginen den erakusketarekin abiatuko dira Kultur 2025 programako ekitaldiak eskualdean

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 11a, 20:00

Rebeca Esnaola kontseilariak aurkeztu zuen astelehenean Kultur 20205ko programa, bertan parte hartuko duten zenbait artistekin eta udal ordezkariekin batera.

Kultur programaren 30. edizioa aurkeztu du astelehen honetan Rebeca Esnaolak, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak. Udako asteburuetan Nafarroa osoko 43 herri bisitatuko ditu, hainbat estilotako musikarekin, baita antzerkiarekin, zirkuarekin edo dantzekin. Eskualdeari dagokionez, Bertizek ohiko erakusketa eta jarduerak hartuko ditu uztailean eta abuztuan eta musika doinuak eta dantzak Berara, Zugarramurdira. Lesakara, Donamariara eta Elizondora ailegatuko dira aurten.

Artea eta natura Bertizko natur parkean

Bertizko Natur Parkeko Lorategi Historiko-Artistikoak uztailaren 1etik abuztuaren 31ra hartuko du aurtengo edizioko berrikuntza nagusietako bat. Zortzi emakumek (Leire Olkotz, Idoia Iribertegui, Berta Suescun, Similarte Estudioko Mila Garcia, Tea en la azoteako Gabriela Barrio, Itziar Goñi, Rebecca Gil eta Concha Pasamar) osatzen duten Variopintas kolektibo artistikoak Ars Naturae – Natura Artis proposamena aurkeztuko du, lengoaiak eta begiradak nahasiz egina. Naturarekiko errespetuaren aitorpena da, artearen jatorri, bultzada eta materia gisa. Natura hori behatu eta eraldatu ahal izanen da ('ars naturae'), baina, era berean, bakoitzaren sortzeko moduaren barne-isla moduan ulertuko da ('natura artis').

Variopintas kolektiboko emakumeek 'Ars Naturae-Natura Artis' erakusketa eginen dute Bertizen.

Zortzi begirada horiek, bakoitzak bere izaeraren arabera, naturaren edertasuna arakatzen, harritzen, berrinterpretatzen edo birsortzen dute, bakoitza bere hizkuntza, teknika eta begirada anitzekin, kontakizun komun batek uztartuta: ipuin itxurako sekuentzia narratibo bat, ibilbidean zehar hari eroale gisa erabiliko dena. Bukaeran, maleta bat egonen da bisitariaren zain, orri zuriekin batera, publikoak arte-proposamenean interakzioa izan dezan eta hartan parte har dezan; hala, ahozko eta literaturako diskurtsoa ikusizko diskurtsoarekin integratuko da.

Erakusketa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bisitatzeko aukera izanen da.

 

Bisita gidatuak eta tailerrak ere

Erakusketak dirauen bitartean, Variopintas kolektiboko kideen eskutik, bi bisita gidatu ere eskainiko dituzte uztailaren 19an, larunbatean 12:00etan eta abuztuaren 8an, ortziralean, 12:00etan. Gainera, zenbait tailer ere eskainiko dituzte. Uztailaren 26an, larunbatean 11:30etik 13:00etara, Argi koloreak: sortu zure beirate modernista izenekoa. Abuztuaren 9an, larunbatean 11:30etik 13:00etara ‘Bertizko lorategia’ pop up txartela eta abuztuaren 23an, larunbatean 11:30etik 13:00etara, Sortu zure paperezko lorategia.

 

Musika Beran, Zugarramurdin, Lesakan eta Donamarian eta dantza Elizondon

Uztailaren 18an, ortziralean 20:00etan, Leihotikan rock taldeak 30 urte eta hemen ez al da ezer aldatzen? kontzertua emanen du Berako Herriko Etxeko Plazan.

Uztailaren 20an, igandean 12:00etan, gaur egungo musika herrikoia aditzeko aukera izanen dute Zugarramurdiko lezean, Lilo taldearen Nora goazen jakin gabe emanaldiarekin.

Abuztuaren 3an, igandean 19:30ean, Riart dantza taldearen Lo invisible dantza emanaldia izanen dute Elizondoko plazan.

Irailaren 6an, larunbatean 20:00etan, gaur egungo musika herrikoia aditzeko aukera izanen dute Lesakako Plaza Zaharrean, Mirari taldearen eskutik.

Irailaren 12an, azkenik, ortziralean 19:00etan, trap popa euskaraz egiten duen Rig3len eskutik Izua kontzertua izanen dute Donamariako pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun