Udaberriko erremonte txapelketako ligaxkako lehen postua segurtatu dute Utergak eta Mitxeok

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 9a, 16:00

Larunbateko erremonte jaialdiko bi partiden artean omenaldia eskaini zitzaion Beti Onak eskubaloi taldeari.

Lautik lau partida irabazi eta Udaberriko erremonte txapelketako ligaxkako lehen postua segurtatu dute Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek. Larunbatean Atarrabian 35-21 irabazi zieten Zeberio II.ari eta Barricarti. Hauek, finalerdietarako laugarren txartela jokoan izanen dute larunbatean Beran, Jon Sagaseta iruritarraren eta Ionen kontrako partidan. Irabazlea sartuko da finalerdietan laugarren postuan eta, hain zuzen, lehenak izan diren Utergaren eta Mitxeoren kontra ariko da.

Bertze finalerdia dagoeneko erabakia dago eta lehen fasean bigarren eta hirugarren izan diren Otxandorena eta Otano, hirugarren izan diren Matxin III.aren eta Agirrezabalaren kontra ariko dira.

Atarrabiako jaialdi berezia

Atarrabiako larunbateko jaialdiko lehen partida estuan, Jon Sagaseta iruritarrak eta Ionek 30-29 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Mikel Mikelarena oiztarrari.

Txapelketako partida jokatu baino lehen, omenaldia eskaini zitzaion Atarrabiako Beti Onak eskubaloi taldeari. Aurten, lehen taldea Espainiako Erreginaren Kopako txapeldunorde izan da eta, honela, lehen aldiz Europako txapelketa bat jokatzeko txartela eskuratu du Atarrabiako eskubaloi taldeak. Erremonte atala ere badu Beti Onak elkarteak.

Txapelketako partidari dagokionez, bi bikoteen ibilbidea ikusiz, hasiera batean espero zena baino berdinduago joan zen, baina azkenean Doneztebeko bikotea nagusitu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun