Udaberriko erremonte txapelketako lehen postua jokoan izanen dute Utergak eta Mitxeok

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 5a, 20:00

Uterga eta Zeberio II.a beteranoak nor baino nor gehiago ariko dira aitzineko kuadroetan. Doneztebekoak lehen faseko lehen postua du jokoan eta Elduaingoak finalerdietara sailkatzea.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2025eko Microlan Aerospace Sari Nagusiaren bederatzigarren jardunaldia, lehen faseko azken aurrekoa, jokatuko dute ekainaren 7an, larunbatean 18:00etan hasita Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan. Zeberio II.a eta Barricart, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarren kontra ariko dira.

Doneztebeko bikoteak irabaztea edo, galduta ere, 31 tanto egitea aski izanen du lehen faseko lehen postua eskuratzeko. Zeberiok eta Barricartek garaipena behar dute finalerdietako txartela segurtatzeko. Bertzela, txartel hori lehen faseko jardunaldian jokoan izanen lukete Beran ekainaren 14an, Sagasetaren eta Ionen kontrako partidan.

 

Lehen partidaren ondotik omenaldia Beti Onak eskubaloi taldeari

Jaialdia hasteko partidan, Eloy Otxandorena eta Mikel Mikelarena oiztarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta Ionen kontra ariko dira. Bi partiden artean, omenaldia eskainiko zaio Beti Onak eskubaloi taldeari. Atarrabiako taldeko emakumeek Iberdrola liga jokatu dute aurten eta Erreginaren Kopako finalera ere ailegatu dira. Honela, lehen aldiz Europako txapelketa batean, European Cup txapelketan, parte hartzeko eskubidea izanen dute

Sarrerako dohaintza 10 eurokoa izanen da, 5 eurokoa 16 eta 22 urte artekoentzat eta doan 16 urtetik behetikoentzat. Bildutako guztia ADANO elkartera bideratuko dute. E•Remonte enpresako erremontisten bi kamiseta ere zozketatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun