Turismo sektoreko profesionalek eta Nafarroako Gobernuko eta toki entitateetako teknikariek Nafarroa Aztarna Positiboa ekimena aurkezteko topaketan parte hartu zuten ekainaren 3an Ollogoienen. Turismo Zuzendaritza Nagusiak sustatu du ekimen hori, eremu horretako eragileekin lankidetzan, turistek beren bidaiaren karbono aztarna iraultzeko esperientzia paregabeetan parte har dezaten bultzatzeko. Ikatz txondorra eta kabi txorimaloak eginez aurkeztu dute ekimena.
Nafarroa Aztarna Positiboko hamabortz esperientzia
Proiektu honen gakoa da Nafarroan ostatu hartzen duten pertsonei prozesu bat eskaintzea, beren bidaiak sortzen duen karbono arrastoari buelta eman ahal izateko, lurraldean «bertze aztarna bat», positibo bat, utziz.
Anfitrioi adina esperientzia daude, hala nola tximeleten oasi bat sortzea, lehengo bidezidorrak berreskuratzea, harrizko elementuak eraikitzea, Baztango oihanen biodibertsitatea babestea edo landa bizitzan murgiltze esperientziak. Proiektuaren lehen edizioan planteatutako 15 esperientziak Nafarroako mapa geografiko osoan banatzen dira, bertze hainbertze bizimodu ezagutzeko aukera emanez.
Elizondon, tximeleta eta hegaztiendako oasia sortzea proposatzen dute Markulluko borda landetxean. Jardueran lorategi iraunkor baten sorreran parte hartu ahal izanen dute bisitariek, tximeletak eta intsektuak erakartzeko eta hegaztien komunitatea handitzeko. Loreak landatu, hegazti espezieak bertan babesteko habia kaxak paratu eta adituek eskainitako tailerretan parte hartu; izan ere, horrela, animalia horiek ekosisteman betetzen duten eginkizuna ezagutuko dute.
Berako Iratxekoberea landetxean harrizko eraikuntzak artisautzaren bidez berreskuratzeko egitasmoan parte har dezakete turistek, harrizko hormak altxatuz, antzinako hesiak zaharberrituz eta zubiak berreraikitzeko gune baten garbiketan eta prestaketan.
Zigako Etxezuria landetxean ostatu harten dutenek, azkenik, Zigako elizaz edo begiratokiaz gozatzeaz gain, Baztango oihanen bioaniztasuna babesteko lanetan aritzeko aukera izanen dute, bidexken mantentze lanetan, tokiko flora eta faunaren identifikazioan eta paisaia aberasten duten bertako fruta-arbolen landaketan